Politika -
USTELKERIA
Madrilgo maskaren auziko epaileak ezin dizkio kontuak bahitu Luis Madinari, 250 euro bakarrik dituelako
Luis Medina Abascal eta Alberto Javier Luceño enpresaburuen aurka jarritako kereila ikertzen ari den epaileak beste neurri ekonomiko batzuk proposatzeko eskatu die aldeei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Luis Medina Abascal eta Alberto Javier Luceño enpresaburuen aurka jarritako kereila ikertzen ari den epaileak ezin izan dizkio kontuak bahitu lehenari, 247 euro bakarrik dituelako.
Fiskaltzaren dokumentuaren arabera, Medinak (Feriako dukearen eta Naty Abascalen semeetako bat) eta Luceñok 6 milioi euro baino gehiago poltsikoratu zituzten Madrilgo Udalari saldutako maskara, test eta eskularruen komisio gisa.
Gauzak horrela, eta kontu korronteak bahitu ezin dituela kontuan hartuta, "erantzukizun zibila bermatzeko" beste neurri ekonomiko batzuk proposatzeko eskatu die instrukzio epaileak aldeei.
Instrukzio epaileak iragan astean erabaki zuen Luis Medinaren eta Alberto Luceñoren ondasunak enbargatzea. Lehenengoaren kasuan, neurriak 325.515 euro ordaindu zituen yate bati eta 400.000 euroko balioa zuten bi banku bonuri eragiten zien. Epailearen esanetan, ordea, Medinak "ez ditu jada Ministerio Fiskalak aipatutako bonuak".
Izan ere, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren arabera, komisioetan lorturiko diruaren zati batekin inbertsio bonuak erosi zituen Medinak.