Politika -
Agiria
EPPK-k "aurrerapausoak" ikusten ditu presoen "euskal herriratzean eta sakabanaketaren amaieran"
Pandemiaren eragina espetxeetan are handiagoa izan dela salatu du, "espetxeratuen eta senideen arteko harremanetan ezarritako neurri murriztaileengatik".
Manu Gimenez | eitb media
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) "aurrerapausoak" ikusten ditu presoen "euskal herriratzean eta sakabanaketaren amaieran".
Horixe adierazi du apirilaren 17ko Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira Berria egunkariari igorritako agirian.
Kolektiboak bertan adierazi duenez, "ez da antzua orain arte egindakoa, eta gure aldarrikapenetako batzuetan lorpenak ikusten ari gara". Zentzu horretan, "presook egindako urratsek batetik, eta herritarrek kalean eta instituzioetan egindako mobilizazio eta lanak bestetik" emaitzak eman dituela uste du.
EPPK-k azpimarratu du "sakabanaketa eta urrunketaren mapa arras ezberdina" dela "duela urte gutxikoarekin alderatuta", gaur egun Euskal Herriko espetxeetan dagoelako kideen gehiengoa.
Dena dela, "espetxe legediaren praktikan ezartzen zaizkigun trabak eta salbuespen irizpideak bertan behera uzteaz gain, presoon kaleratzea bideratu eta gatazkaren ondorioak gainditu" beharra aldarrikatu, eta norabide horretan "boga dezaten" eskatu die euskal jendarteari, eragile sozialei eta instituzioei.
Bestalde, koronabirusaren pandemiak espetxeetan are ondorio larriagoak utzi dituela salatu du, "espetxeratuen eta senideen arteko harremanetan ezarritako neurri murriztaileengatik".