Politika -
frantziako hauteskundeak
Hausnarketa eguna Frantzian, biharko abstentzio hotsen itzalpean
Macronen kontinuismoak abantaila azaldu du Le Penen aurrean. Azken horrek, ordea, ez du jada hainbeste gaitzespenik eragiten hautesleriaren artean.
agentziak | eitb media
Emmanuel Macron Eliseoan beste bost urtez geldituko ote den jakinda esnatuko da Frantzia astelehenean; edo, aitzitik, herrialdea eskuin muturreko politikari batek gidatuko duen. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliak aurrez aurre jarri ditu Macron eta Le Pen. Azken horrek, irudia eta diskurtsoa moldatuz, xarma galdutako ezkertiarren artetik ere babesak eskuratzeko asmoa dauka.
Lehenago ere aurrez aurre izan ziren hautagaiak, 2017ko hauteskundeetan. Orduan, Macronek botoen % 66 lortu zuen, eta Le Penek % 34arekin konformatu behar izan zuen. Edonola ere, orduko agertoki politiko, ekonomiko eta soziala ez da oraingoa bezalakoa, Frantziako mugen barruan zein horietatik kanpo.
Macron faborito postuan mantendu zen apirilaren 10eko lehen itzulian, botoen % 27 baino gehiago lortuta, aurkariak baino lau puntu gehiago. Lehen saiakera horrek argi utzi zuen Bilgune Nazionala alderdiko buruak jarraitzaile fidelak dituela, azken hauteskunde hitzorduetan frogatu bezala.
Orain, zundaketek hamar puntu portzentual inguruko abantaila aurreikusi dute Macronentzat bigarren itzulirako. Hori betetzekotan, Le Penek emaitza hobetuko luke 2017koaren aldean; baina bai presidenteak, baita haren taldeak ere, argi utzi nahi izan dute azken asteotan ezin dela ezer egintzat eman.
Hauteskunde desmobilizazioaren mamuaren beldur dira, lehen itzulian garaitutako hautagai gehienek (eta Europako lider politikoek, Pedro Sanchez espainiarra kasu) Macronentzako botoa eskatu badute ere. Éric Zemmour bakarrik agertu da Le Penen alde; Jean-Luc Mélenchon ezkertiarrak, berriz, ultraeskuinaren alde ez bozkatzeko eta ez abstenitzeko deia egin du, jarrera anbiguoa azalduta.
Bi hautagai, bi profil
Asteazkenean telebistaz eman zuten eztabaida politikoan ikusi zenez, Macronen erronka nagusietako bat Le Penen diskurtsoaren josturak agerian uztea da; eta horren eskuin muturreko ideologia azpimarratzea, deabrutu gabe eta "harroputz" itxura eman gabe, adjektibo hori esleitu baitiote behin eta berriro haren aurkari politikoek.
Analistak eta hedabideak bat datoz: agintariak irabazi zuen eztabaida, baina Le Pen 2017an baino hobeto aritu zen.
Macronek aldarrikatu du lan asko duela oraindik egiteko, eta promes berriak dakartza besopean bigarren itzuli honetan, besteak beste; erretiratzeko adina igotzea, independentzia energetikoa sustatzea edo harrera politikak gogortzea. Neurri nahaste horrekin, ezkerraldeko zein eskuinaldeko botoak eskuratzeko asmoa du.
Gainera, bere irudia eta Frantziaren irudia mugetatik kanpo hedatu nahi ditu. Horretarako, lider europeista gisa azaldu du bere burua, eta NATO barruko aliatu fidel gisa.
Le Penek ez ditu jada EB eta euroa zuzenean ukatzen, baina "nazioen Europa" baten aldeko apustua egin du, eta NATOko aliatuen agintaritzatik atera nahi du Frantzia.
EITB taldeko hedabideek jarraipen zabala egingo diete igande honetan, apirilaren 24an, izango diren Frantziako hauteskundeei.
Irratian eta telebistan albistegi bereziak egingo dira Paristik bertatik, eta eitb.eus-ek gertutik jarraituko du azken ordukoa.