Politika -

Dimisioa

Erkoreka: "Izagirre bere eskarmentuagatik izendatu genuen; ustezko irregulartasunak arlo pribatukoak dira"

Segurtasun sailburuak lehen aldiz hitz egin du Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia zuzendariaren dimisioaz. Izagirrek kargua utzi zuen joan den astean DYAren baitan izandako ustezko irregulartasunengatik.

Fernando Izagirre. EITB Mediaren artxiboko argazki batean.
Fernando Izagirre.
Fernando Izagirre. EITB Mediaren artxiboko argazki batean.

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Fernando Izagirre Larrialdi eta Meteorologia zuzendariaren izendapena defendatu du. Esan duenez, izendatu zutenean, iazko martxoan, "Larrialdietan 25 urteko ibilbidea zeukan, kargurako behar ziren gaitasunak zituen objektiboki, eta ez da ohikoa hain karrera oparoa izatea".

Laura Garrido PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Erkorekak. Lehen aldiz mintzatu da auziaz. Garridok itaundu dio zeintzuk izan ziren Izagirre aukeratzeko irizpideak, kontuan hartuta DYAren kudeaketan ustez izan diren irregulartasunengatik haren kontrako auzibidea abiatu dutela. Dimisioa eman zuen Izagirrek joan den astean.

Buruzagi "popularrak" gogorarazi duenez, Izagirrek erantzukizunezko hainbat kargu izan ditu EAJren baitan, eta Galdakaoko (Bizkaia) alkategaia ere izan zen. "Ez da edozein dimisio", esan du. Garridoren ustez, Jaurlaritza "gertatutakoari garrantzia kentzen saiatzen ari da, EAJko kide izateagatik". Kargu publiko bat betetzera "batzoki batetik datozenean filtro gutxiago jarri edo baldintzak arindu" egiten diren ere galdetu dio.

Horren aurrean, Izagirreren "eskarmentua" ekarri du gogora Erkorekak. Gainera, nabarmendu duenez, Izagirreri egotzitakoek "ez dute zerikusirik Jaurlaritzarekin, arlo pribatukoak eta partikularren artekoak (DYA eta Izagirre bera) dira eta. Jaurlaritzan sartu baino lehenagokoak dira, nolanahi ere". 

Halaber, Izagirre kargutik kentzeko Jaurlaritza "azkar" ibili zela azpimarratu du Erkorekak: "DYAk salaketa ipini eta ondorengo gobernu bileran onartu genuen dimisioa. Arinago, ezinezkoa".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Delituak bideoak Eguneko albisteak Albisteak