Politika -

Espioitza politikoa

Sanchez: "Begi bistakoa da Espainiako Gobernuaren komunikazioen segurtasunean hutsegitea egon dela"

CNIren zuzendariaren kargugabetzeari buruz galdetu diote PPk eta Csk. Erantzunean, PPren ustelkeria kasuak gogorarazi ditu Espainiako Gobernuko presidenteak eta bere exekutiboak "delituak estaltzen ez" dituela azpimarratu du.

Sanchez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE
Sanchez, gaur, Kongresuan.
Sanchezek CNIko buruaren ''erreleboa'' justifikatu du, komunikazioen segurtasunean'''akats'' bat izan delako

0:44

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen iritzian, "begi bistakoa da Espainiako Gobernuaren komunikazioen segurtasunean hutsegitea egon dela", eta horren aurrean, exekutiboak "legea bete du, delituzko ekintzak justiziaren aurrean salatu eta gardentasunez jokatu du".

Paz Esteban CNIren zuzendariaren kargugabetzeari buruz galdetu dio Cuca Gamarra PPko bozeramaileak, eta ihardestean gogor egin du Sanchezek Alderdi Popularraren kontra. Nabarmendu duenez, "gobernu honek ez ditu diru publikoa, Estatuko segurtasun indarrak eta inteligentzia zerbitzuak delituzko ekintzak estaltzeko eta arerio politikoak legez kanpo jazartzeko".

Sanchezek "ordezkapen" gisa definitu du Estebanen kargugabetzea, eta PPren ustelkeria kasuak gogora ekartzeko baliatu du.

Sanchezek gogorarazi duenez, "ustelkeriagatik zigortutako gobernu bakarra PPrena da" eta deitoratu du Alderdi Popularra gaur-gaurkoz den "zorigaiztoko eskuina". Espainiako gobernuburuaren hitzetan, egungo exekutiboa "ez da perfektua, baina lapurrak ez daude bertan PPren gobernuarekin gertatzen zen bezala".

Bozeramaile "popularra"k galderan salatu duenez, Paz Estebanen kargugabetzeak agerian utzi du "independentistek agintzen" dutela, bazkideek "errudun" bat eskatzen ziotelako eta Sanchez eskaera horren aurrean "esanekoa" izan delako. Gamarraren ustez, Sanchezek "bazekien" inteligentzia zerbitzuak zertan ari ziren "aginduak presidenteak sinatzen dituelako" eta berari ematen dizkiotelako azalpenak.

Edmundo Bal Ciudadanoseko bozeramaileak ere Estebanen kargugabetzeaz galdetu dio Sanchezi, baina bigarren horretan ere PPren ustelkeriak kasuak aipatzeko baliatu du erantzuna presidenteak. Azaldu du Espainiako Gobernuak ez dituela "delituak estaltzen" eta horregatik Auzitegi Nazionalak eskatutako Kitchen auziko informazioa desklasifikatu dute. "Horri esker, Barne ministro ohia auzipetuta dago, baita Segurtasunerako Estatu idazkaria zena ere".

Roblesek "legezko ekintzak" defendatu ditu berriro

Gabriel Rufian ERCren bozeramaileak CNIrekin "harro eta pozik" ote dagoen itaundu dio Margarita Robles Defentsa ministroari, eta berea "patriotismo toxikoa" dela leporatu. Izan ere, horren esanetan, "ez gara patriotagoak gertatutakoa estaltzeagatik". Hala, egungo jarrera "GALi aurre egiten zion epaile aurrerakoia zenekoarekin" aldatu du buruzagi errepublikarrak. Rufianen ustez, Robles da espioitzaren "erantzule nagusia hura egiteagatik edo horri aurre ez-egiteagatik".

Erantzunean, Roblesek azpimarratu du CNIren zuzendariak frogatu zuela egindako espioitzak "legezkoak" eta "arrazoituak" izan zirela sekretu ofizialen batzordean, eta batzorde horretan jasotako dokumentazioa begiratu ote duen galdetu dio Rufiani. "Dokumentazioa begiratu ez baduzu, edo hori egiteko asmorik ez bazenuen, zerbaitengatik izango da", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PP Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Ciudadanos alderdia Eguneko albisteak Albisteak