Politika -
ikus-entzunezkoen legea
Kongresuko batzordeak Ikus-entzunezkoen Legea onartu du
Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrerako proiektuak alde izan ditu PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta ERC; PP, Vox eta Juntsen gaitzespenarekin eta Bildu eta Ciudadanosen abstentzioarekin.
agentziak | eitb media
Kongresuko Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiekturako txostenaren irizpena onartu du ostegun honetan. Alde izan ditu PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta ERC; PP, Vox eta Juntsen gaitzespenarekin eta Bildu eta Ciudadanosen abstentzioarekin. Behe Ganberak datorren ostegunean jorratuko du gaia.
Ekonomia Gaietako Batzordeak PPk eta Ciudadanosek aurkeztutako zuzenketak onartu ditu, besteak beste; jabetza intelektualarekin, ingurumen baloreekin edo hedabide komunitarioekin zerikusia dutenak. Talde sozialistako iturriek nabarmendu dutenez, PSOEk "talde guztiekin" itxi ditu akordioak Voxekin izan ezik, legearen tramitazioan zehar.
Ostegun honetan onartutako moldaketen artean da Ciudadanosek aurkeztutako 12. artikulu berri bat eransteko zuzenketa. Horren arabera, "ikus-entzunezko komunikazioa adeitsua izango da" uneko Jabetza Intelektualaren legediak aitortzen dituen hirugarrenen eskubideekin.
Gainera, parlamentariek ontzat eman dute Juntsen zuzenketa baten gaineko transakzioa; "naturarekiko errespetua" zein ingurumenaren eta animalien babesa sustatuko dituzten eta klima aldaketaren ondorioez ohartaraziko duten ikus-entzunezko edukiak bultzatzera bideratua.
Ostera, Unidas Podemos, Junts, PDeCAT, Más País, Compromís, BNG, CUP eta Nueva Canarias taldeek batera aurkeztutako ekimena ukatu egin dute izapide honetan. Zezenketa-ikuskizunak adingabeentzako "eduki kaltegarritzat" jotzeko eskatzen zuen.
1.000 zuzenketa baino gehiago
Txostenaren izapide fasean Unidas Podemosi zalantzak sorrarazi zizkieten zenbait zuzenketa sozialista jaso zituen testuak (eta 1.000 zuzenketatik gora, guztira). Azkenean, irizpena babestu du alderdiak, eta ekoizle independenteen gaitzespena eragin du horrek.
Estatuko hizkuntza koofizialen kuota linguistikoei dagokienez, Batzordearen saio osoan zehar eztabaida ardaztu du gaiak, Ikus-entzunezkoen Legeko ekoiztetxe intendenteen egoerari dagokion gaiarekin batera.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailea kritiko azaldu da, eta baietsi du legea "galdutako aukera" dela, "Zuzendaritza europarraren transposizio oso kontserbadorea egitera mugatzen delako", eta "erabat desaprobetxatzen" dituela zuzendaritza berri honek eskaintzen zituen aukerak. Hala ere, onartu du "funtsezko hobekuntzak" ere izan direla, eta "horietako gehienek hizkuntza koofizialekin zerikusia dute".
Bestalde, Joseba Agirretxea EAJko bozeramaileak ospatu egin du negoziazioek babestu behar zituzten "hiru gai nagusiak" salbatzea baimendu izana: autogobernua, EITBren autonomia babestea eta euskararen presentzia bermatzea ikus-entzunezko testuinguru berrian. "Jatorrizko zuzenketa ugari onartu dira. Beste batzuk izapidetu egin dira, eta zorionez esan dezakegu testua jada ez dela lehen zena", azpimarratu du.