Politika -
eusko legebiltzarra
Poliziaren gehiegikeriei buruzko Batzordeak 46 kasu aitortu ditu 2021eko uztailetik
Giza eskubideen urraketen artean, gehienak (28) tortura edo tratu txar larriengatik aitortu dituzte, baina heriotzagatik edo lesio larriengatik ere izan dira batzuk. Batzordeak Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari egotzi dizkie urraketa gehienak.
Iker gonzalez | eitb media
Motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitorpena eta erreparazioa emateko legearen harira sortutako Balorazio Batzordeak 46 urraketa aitortu ditu urtebetean.
Eusko Legebiltzarrean, Giza Eskubideen Batzordean, gaur egindako agerraldi batean aipatutako taldeak iazko uztailetik aurtengo ekainera bitartean egindako jardueraren txostena aurkeztu du.
Guztira, 573 espediente ebatzi ditu tramitera onartu dituen kasuetatik, eta horietatik 46tan urraketak aitortu ditu. Gainera, 523 ez onartzeko ebazpenak izan dira, horietatik 473 Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarretako kideek aurkeztu dituzte; eta 50, motibazio politikoagatik ETAren edo bere ingurukoen indarkeria jasan zuten pertsonek (legeak ez ditu kasu horiek aurreikusten).
Eskubide urraketa gehienak torturagatik edo tratu txar larriengatik izan dira, 28 kasutan. Gainera, sei heriotza kasu aitortu dituzte, balekin eragindako lesioak (5), gomazko pilotekin eragindako lesioak (4), erasoek eragindako lesio larriak (2) eta osotasun moral eta psikikoaren urraketa (1).
Batzordeak honakoei egotzi dizkie urraketak: 18, Guardia Zibilari; 15, Polizia Nazionalari; 4, bi kidegoei (atxiloketa ezberdinetan) eta 1, Ertzaintzari. Halaber, frogatutzat eman dute horietako bat Fuerza Nuevak egin zuela; bi, Triple A-k; beste bi, ATE-BVEk; bat, Guerrilleros de Cristo Rey-k eta beste bi zehaztu barik geratu dira.
Gainera, urraketa gehienak 1970eko hamarkadan gertatu ziren, zehatz-mehatz, 28. Aurreko hamarkadan, bederatzi kasu; zortzi, 1981 eta 1990 bitartean eta, berriena, 1997an, kasu bat.
Kasu batzuetan, batzordeak txostenean dioenez, familiako kideak biktima bihurtzen dira etxebizitza edo familia-negozioei egindako erasoetan, edo atxiloaldietan egindako gehiegikeriengatik; "halakoak ez ditugu kontuan hartu zenbaketa honetan".
"Kasu gehienetan, erakundeen jarrera lankidetzakoa izan da, baina beti ez da posible izan eskatutako informazioa lortzea, kasu batzuetan, denbora asko igaro delako eta beste batzuetan, berriz, egindako eskaerari emandako erantzunaren arintasun edo argitasun ezagatik. Bereziki eragozpen gisa ikusten dugu artxibo militarren jarrera; izan ere, ezin izan dugu dokumentaziorik lortu orain arte egindako eskaeretatik", salatu dute.
Hala, batzordeko kideek "erakunde guztien lankidetzarako deia egiten dugu, eskatzaile askoren aurka baitoa denbora aurrera".
Batzordearen aholkuak eta eskaerak
Batzordearen iritzian, nahitaezkoa da legean egin beharreko aldaketak egitea, "legeak kalte-ordainen kasuan dituen gabeziak konpontzeko". Salatu dutenez, gaur egun "bidegabekeria galantak sortzen ditu giza eskubideen urraketa larrietan, zeinak edo ezin diren ordaindu edota kalte-ordain barregarria sortzen duten, kalte-ordain izenik ere merezi ez duena".
Zehazki, taldeak aldaketak eskatu ditu legean, bereziki, "tratu txarren eta torturen kasuetan kalte-ordaina emateko ezintasuna indargabetzeko, eta kalte-ordainen aukerak aberastu eta malgutzea lesiorik gertatu denean, iraunkorrak izan ala ez".
Legebiltzarreko batzordeak azpimarra jarri du "ordaintza edo erreparazio neurrien balio sinbolikoak duen garrantzian", eta "egia ezagutzeko eskubidea gauzatzeko eta memoria kolektiboa eraikitzeko".