Politika -
Asanblada Nazionala
Frantziako Gobernuak EDF konpainia guztiz nazionalizatzeko asmoa du
Exekutiboak konpainia elektrikoaren % 83,88 kontrolatzen du egun. "Erregai fosiletatik ateratzen aurreneko nazio ekologiko handia izango gara", adierazi du Elisabeth Borne lehen ministroak.
Agentziak | EiTB Media
Frantziako Gobernuak EDF konpainia elektrikoaren % 100 kontrolatzeko asmoa du, Elisabeth Borne lehen ministroak Asanblada Nazionalean baieztatu duenez.
"Estatuak EDFko kapitalaren % 100 kontrolatzeko asmoa duela baieztatzen dizuet gaur", esan du Bornek, Gobernuaren lehentasunak azaltzeko orduan. Exekutiboak konpainia elektrikoaren % 83,88 kontrolatzen du egun.
Iragan martxoko hauteskunde-kanpainan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konpainia nazionalizatzea defendatu zuen, independentzia energetikoa indartzeko. Zentral nuklear berriak eraikiz, zero isuriak lortzeko anbizioa du Macronek.
"Erregai fosiletatik ateratzen aurreneko nazio ekologiko handia izango gara", adierazi du Frantziako lehen ministroak. Borneren ahotan, larrialdi klimatikoak erabaki erradikalak eta irmoak behar ditu.
"Gure etorkizun energetikoaren eta ekoizpenaren erabateko kontrola izan behar dugu", erantsi du agintariak. Borneren hitzetan, pandemiak atzerriko industriekiko gehiegizko menpekotasuna agerian utzi zuen. "Ezin gara Errusiako gas eta petrolioaren menpe izan jadanik", azpimarratu du.