Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Consuelo Ordoñez: "Lotsagarria da biktimak erabiltzea politika egiteko"
Covite terrorismoaren biktimen elkarteko presidentearen hitzetan, Alderdi Popularreko politikariak "ziniko hutsak" dira. "ETA inoiz baino hobeto egon da PPren gobernuekin. Izan ere, Zapaterok ETArekin negoziatu zuen, baina Rajoy izan zen negoziatutako guztia bete zuena".
EITB Media
ETAko 13 preso Euskal Herriko kartzeletara hurbildu behar dituztela eta, alderdi politiko batzuek —PP kasu— egindako kritikak estu hartu ditu Consuelo Ordoñez terrorismoaren biktimen elkarteko presidenteak. Horren hitzetan, "lotsagarria da biktimen izenean hitz egitea; 3.842 gara, eta eurek alderdikoak diren lau biktima baino ez dituzte ezagutzen".
Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako "Ganbara" saioan egin dioten elkarrizketan, Alderdi Popularrekoak "ziniko hutsak" direla esan du Ordoñezek. Azpimarratu duenez, "ETA inoiz baino hobeto egon da PPren gobernuekin. Izan ere, Zapaterok ETArekin negoziatu zuen, baina Rajoy izan zen negoziatutako guztia bete zuena". Are gehiago, Juan Ignacio Zoido PPko Barne ministroarekin izandako bileran batean hark aitortutakoa gogora ekarri du. "Bilera tenkatu batean, oso modu txarrean eta kopetilun onartu zidan espetxeen eskumena adostu zuela EAJrekin Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa ematearen truke".
Ordoñezen esanetan, bera "oso lasai" dago Javier Garcia Gaztelu presoa eta Gregorio anaiaren hiltzaileetako bat EAEko kartzela batean egongo delako. "Garrantzitsuena ez da zigorra non betetzen duten, baizik eta betetzen dituztela", erantsi du. Nabarmendu duenez, berak ez du "inoiz" presoen hurbilketa kritikatu eta "Auzitegi Nazionaleko epaile batek" erabakitzen duela noiz betetzen duten zigorra, "ez Espainiako Gobernuak, ez Jaurlaritzak".