Politika -
Diputatuen Kongresua
PSOEk, UPek eta ERCk diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma adostu dute
PSOEk, Unidas Podemosek eta Esquerra Republicanak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma adostu dute, ateak itxita, Kongresuko Justizia Batzordearen lantaldearen bilera batean. Hori dela eta, sedizio delitua bertan behera utzi du legeak.
Agentziak | EITB Media
PSOEk, Unidas Podemosek eta Esquerra Republicanak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma adostu dute, ateak itxita, Kongresuko Justizia Batzordearen lantaldearen bilera batean. Hori dela eta, sedizio delitua bertan behera utzi du legeak.
PSOEren eta Unidas Podemosen erreforma sedizio delitua ezabatzean oinarritzen zen, baina joan den ostiralean erregistratutako zuzenketek lege-proposamenaren xedea zabaldu zuten.
Batetik, PSOEk eta Unidas Podemosek Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak hautatzeko sistema erreformatzeko aprobetxatu dute, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal kontserbadoreen boikota saihesteko eta Juan Carlos Campo, ministro ohia, eta Laura Diez, Moncloako aholkulari ohia, hautagaien bidea errazteko.
Gainera, Espainiako Gobernuko bi kideek kargu publikoak legez kanpo aberasteko delitu berri bat gehitzea proposatu zuten, eta desordena publiko larrien delitu berriaren idazketa aldatu zuten.
Horrekin bat egin zuen ERCk, eta proposatu zuen ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen delitua aldatzea, irabazi pertsonalik ez duten kasuetan zigorra murrizteko. Testu horren inguruan, Espainiako Gobernuko alderdiek proposamen transakzionala hitzartu dute independentistekin.
Zuzenketa horiek guztiak onartu dira lantaldean, eta, beraz, Espainiako Gobernuko kideen egitasmoen arabera, asteartean eztabaidatuko da Justizia Batzordean, eta ostegunean Kongresuko Osoko Bilkuran, Senatura bidali aurretik.