Politika -

Manifestazioa

Sarek Bilboko kaleak bete nahi ditu "elkarbizitzaren alde" eta presoen eskubideak defendatzeko

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak urratsak egin nahi ditu "etxeratzeko bidea burura eramateko", eta horren harira, hirugarren graduen aurkako helegiteak salatu ditu.

Bilboko mobilizazioaren aurkezpena. Argazkia: Sare
Bilboko mobilizazioaren aurkezpena. Argazkia: Sare
Bilboko mobilizazioaren aurkezpena. Argazkia: Sare

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarek, ETAko presoen eskubideen aldeko plataformak, aitortu du aurrerapausoak izan direla espetxe politikan, baina "salbuespen neurriak indargabetzea" eta "lehenbailehen" egitea eskatu du. Helburu horrekin, "Etxera bidea gertu" lelopean, larunbat honetan, urtarrilaren 7an, Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du, urteroko moduan.

17:00etan Casillatik abiatuko den manifestazioarekin "duintasuna, bizikidetzarako esperantza eta euskal presoen eta horien senideen eskubide urraketarekiko errespetua" eskatu nahi dute.

Sareren asmoa da manifestazioa "mugarria izatea helburuak lortzeko falta zaigun bidean"; izan ere, "asko" omen dira betetzeko dituzten helburuak, eta "gehiengo politiko eta sindikalen mende daude, baina bereziki gizartearen mobilizazioaren mende".

Manifestazioa antolatu duen elkarteak uste du "egoera aldatu nahi ez duten" sektoreak daudela, tartean "Auzitegi Nazionala, ministerio fiskalaren bitartez, etxerako bidea etengabe eragozten duena", presoen hirugarren graduen eta baimenen aurka jarri dituen helegiteei erreferentzia eginez.

Dena den, Sarek uste du urruntze politikari "amaiera ematear" daudela, eta aurrera egiten jarraitu beharra dagoela "etxeratzeko bidea burura eramateko".

ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek
ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek
ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek

1:02

Hainbatek "Etxera" horren atzean amnistia egon daitekeela ulertu dute, baina hori goitik behera gezurtatu du Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin zioten elkarrizketan.

"Etxeratze prozesua bultzatzen dugu, legeak dioenaren baitan (gradu progresioa egiteko bidea irekitzea) eta normaltasunez egitea, hori da eskatzen duguna. Hori da 'Etxera' eta ikur horrek esan nahi dutena", nabarmendu zuen. Horren esanetan, zenbait sektoretatik, nahita, nahasmena sortu nahi izan dute. Dena dela, argi eta garbi utzi nahi izan du salbuespen legediarekin amaitzeko eta presoen etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko lan egiten dutela.

34 urte luze eta gero, sakabanaketa politika datozen asteetan edo bi hilabeteetan amaitzea espero du Inaxio Oiarzabalek. Ildo horretan, otsailean edo martxoan gauzatu daitekeela uste du. "Zenbakiak hor daude. Oraindik 13 bat preso daude Espainiako kartzeletan eta horiek emateko erabakia hartu arte ez genuke esango amaitutzat dagoenik", gehitu zuen.

10etik 9, euskal espetxeetan

EPPK kolektiboko 147 preso Euskal Herriko espetxeetan daude, horietatik ia erdiak Zaballan: 66. Aldiz, 14 preso daude Espainiako Estatuko espetxeetan, eta beste 12, ostera, Frantziakoan. Bat ez beste guztiak Lannemezanen daude, Euskal Herritik hurbilen dagoen espetxean.

Larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioaren atarian, Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea elkarrizketatu zuten Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.

Sareko ordezkariaren esanetan, urruntze politikaren amaiera posible izan da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetako gehiengo politikoei, batasun sindikalari eta herritarren mobilizazioari esker. Gaineratu duenez, gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa izan da eta etapa berri honetan ere eragile garrantzitsua izango da. "Gobernuak ez dira mugitzen, mugitu egin behar dira", nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Azken ordukoa Bizkaia Presoak argazkiak ETA albisteak Manifestazioak