Politika -

De Miguel auzia

De Miguelek sozietate publiko batean ardura postua duen argitzeko eskatu dio oposizioak Jaurlaritzari

Arabako EAJko presidenteari 13 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ustelkeriagatik, baina Jaurlaritzak dio ezin diola HAZI sozietatean duen plaza kendu epaia irmoa izan arte.

Alfredo De Miguel Arabako EAJko buru ohia. Argazkia: EFE
Alfredo De Miguel Arabako EAJko buru ohia. Argazkia: EFE
Alfredo De Miguel Arabako EAJko buru ohia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak HAZI sozietate publikoan ardura funtzioak dituen argitzea eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari.

2019ko abenduan, De Migueli 13 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Arabako Lurralde Auzitegiak, ustelkeria delituak egotzita. Une honetan, baina, epaia ez da irmoa, Auzitegi Gorenak helegiteak ebatzi behar dituelako.

2010etik, De Miguelek interino plaza du HAZI sozietate publikoan, eta eldiario.eus hedabideak gaur publikatu duenez, azkenaldian "Euskadi ordezkatu du" zenbait bidaia ofizialetan, "gerentea" delako. Ekonomiaren Garapenareko Sailetik ziurtatu dutenez, buruzagi jeltzale ohiak "koordinatzaile" lanak egin ditu, baina ez da gerentea, postu hori ez delako existitzen.

Testuinguru horretan, EH Bilduk adierazi du Jaurlaritzak "babesa" ematen diola De Migueli, eta horrek erakusten duela "borondate eza" dagoela "adiskidekeriarekin bukatzeko".

Elkarrekin Podemos-IUk ere uste du adiskidekeriak "espazioa" duela erakundeetan, "ustelkeriagatik kondenatutakoekin barne".

Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentearen ustez, "eskandalua" da EAJk "ate birakariak" eskaintzea De Migueli.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik azaldu dute De Miguel langile publikoa dela eta interino plaza duela HAZIn 2010etik, eta horregatik, ezin diotela plaza kendu epaia irmoa izan arte. Gainera, ukatu egin du Gobernua ordezkatu izana.

EAJren eta PSEren adierazpenak

Gasteizko Gobernua osatzen duten alderdiek ere adierazpenak egin dituzte. Horren ildotik, PSEk eskatu du De Miguelek ordezkaritza lanarik ez egiteko, eta gogorarazi du Jaurlaritzan etika batzordea dagoela halako kontuak aztertzeko.

Azkenik, EAJk esan du Jaurlaritzak "legea bete" behar duela. "De Miguelek funtzionario plaza du; horrek eskubideak eta betebeharrak ematen dizkio, eta indarrean daude epaia irmoa izan arte", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Araba Eusko Jaurlaritza Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia