Politika -
Espetxe-politika
"Salbuespenezko espetxe-politikaren" amaiera aldarrikatu du EAJk, baina ez da Sareren manifestazioan izango
Larunbat goiz honetan Bilboko Euskalduna Jauregian, "Elkarbizitzan aurrera egiten" lelopean, Sarek antolatutako mahainguruan izan da Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkidea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ETAko presoei ezarritako salbuespenezko espetxe-politikaren amaiera aldarrikatu du Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkideak, baina larunbat honetarako Sarek deitutako manifestazioan EAJ ez dela izango iragarri du.
Larunbat goiz honetan Bilboko Euskalduna Jauregian, "Elkarbizitzan aurrera egiten" lelopean, Sarek antolatutako mahainguruan izan da Berasaluze, eta sartu aurretik komunikabideen aurrean egin ditu adierazpen horiek. Mahainguru horretan ETAko, GALeko eta torturen biktimek parte hartu dute.
Berasaluzek adierazi duenez, iaz bezala, Alderdi Jeltzaleak ez du gaur arratsaldean Bilbon izango den presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartuko. Dena dela, "ETAko presoei ezartzen zaien salbuespenezko kartzela-politikaren bukaera" eskatu du. Gainera, EAEko eta Nafarroako espetxeetara presoak hurbiltzea "oso positibotzat" jo du, "presoen birgizarteratzean lagungarri delako".
"Eusko Jaurlaritzak espetxe alorreko eskumenak dituenetik, ikusi besterik ez dago zenbat hirugarren gradu eman dituen, Fiskaltzaren helegiteen ondorioz erregresioak izan diren arren", gogoratu du.