Politika -

Ustelkeria politikoa

De Miguel auziko epaia irmoa da, orain zer?

Gorenak Arabako Lurralde Auzitegiari jakinarazi behar dio epaia. Auzitegi horri dagokio, hain justu, zigor handienak jaso dituztenak —De Miguel, Ochandiano, Telleria eta Sanchez Robles— kartzelara bidaltzeko prozedura abiatzea.

De Miguel auziko hiru zigortutako nagusiak. EITB Media
De Miguel auziko hiru zigortutako nagusiak.
De Miguel auziko hiru zigortutako nagusiak. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak De Miguel auziaren epai irmoa jakinarazi zuen atzo. Horrenbestez, Euskadin inoiz epaitutako ustelkeria kasu handienak utzitakoak betearazteko pausoak abiatuko dira.

Prozedura judizialari dagokionez, Gorenak aldeei eta Arabako Lurralde Auzitegiari jakinarazi behar die, ofizialki, epaiaren nondik norakoak. Arabako auzitegiari dagokio, hain zuzen ere, bi urte baino gehiagoko kondena jaso dutenak kartzelatzeko agindua ematea

Egoera horretan daude ustelkeria sarearen hiru buruzagiak jotakoak, EAJren ABBko buruzagiak denak ere,  —Alfredo de Miguel, Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria—. Hurrenez hurren, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa egotzita, honako zigorrak ezarri dizkie Gorenak hirurei: 12 urte eta 4 hilabetekoa, 7 urte eta 6 hilabetekoa eta 5 urte eta hilabete batekoa. Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Saileko zuzendari izandakoak, bestalde, 7 urte eta hilabeteko zigorra bete beharko du.

Zigorrak zigor, kartzelan eman beharreko gehienezko epea ere zehaztu zuen atzo Gorenak: De Miguel Arabako jeltzaleen "bigarrena" zenak 9 urte bete beharko ditu; Koldo Ochandianok 6 urte eta 9 hilabete. Azkenik, Aitor Telleriak 5 urte pasatxo eman beharko ditu giltzapean.

Bi urte baino gehiagoko kondena dute (lau urte pasatxokoa), halaber, Iñaki San Juan eta Josu Azkarraga kultura enpresaburuek. Gainerako zigortutakoek ez dute espetxera joan beharko. 

Dena dela, De Miguel auziko zigortutakoek babes helegitea aurkez dezakete Auzitegi Konstituzionalean, euren oinarrizko eskubideak urratu dituztela argudiatuta. Defentsa abokatuek ez dute argitu errekurtsoa aurkeztuko ote duten, eta ez dago argi, horrek espetxeratzean izango lukeen ondorioa. Bide hori agortuta, Estrasburgoko Auzitegira ere jotzea badute. 

Bien bitartean, ebazpena jaso bezain pronto, Alfredo de Miguel eta Koldo Ochandiano kaleratuko dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Biek ala biek postu publikoa dute: De Miguelek Hazi sozietate publikoan, eta Ochandianok Arabako Teknologia Parketik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Araba Auzitegi Gorena albisteak Epaiketak albisteak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko titularrak Albisteak De Miguel auzia albisteak