Politika -

Memoria historikoa

Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrak omendu dituzte

Identifikatutako 17 milizianoen izenak dituen plaka bat jarri dute "Duintasuna" eskulturaren erreplika baten ondoan. Biktimen 30 bat senide izan dira Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sustatutako memoria eta omenaldi ekitaldian.

Polloeko hilerrian kokatutako plakaren irudia. Argazkia: Eneko Goia Twitter
Polloeko hilerrian kokatutako plakaren irudia. Argazkia: Eneko Goia Twitter
Donostiako Polloeko hilerriko mausoleo frankistan ehortzitako errepublikanoak omendu dituzte

01:47

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrak omendu dituzte igande honetan Donostian, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako ohar baten arabera. Identifikatutako 17 gudari errepublikarren izenak dituen plaka bat jarri dute "Duintasuna" eskulturaren erreplika baten ondoan.

Biktimen 30 bat senide izan dira Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sustatutako omenaldi ekitaldi horretan. Ordezkari politikoei dagokienez, Jose Antonio Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria – Gogora, besteak beste, izan dira.  

Gaurko ekitaldiaren helburua izan da "tokiaren esanahia gaurkotzea eta mausoleo horretan lurperatutako borrokalari errepublikarren oroimena duintzea, mausoleo hori matxinatuen gorpuzkiak gordetzeko eta ohoratzeko eraiki baitzen", Jaurlaritzak adierazi duenez. Horregatik, bertan lurperatutako 17 milizianoren izenak gogoratuko dituen plaka bat jarri dute mausoleoaren ondoan, eta Iñigo Arregi eskultorearen "Duintasuna" eskulturaren erreplikak osatuko du memoriarako konposizioa.

Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu duenez, "lekuaren esanahia gaurkotzerakoan, zorrak kitatzen jarraitzen dugu gure askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zutenekin. Horrela, memoria historikoaren ariketa bat egiten dugu toki honi dagokion duintasuna itzultzeko, eta frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu". 

Bestalde, Jose Antonio Rodriguez sailburuordeak esan du aurrerantzean lekua ez dela mausoleo frankista bat eroritakoen omenez, baizik eta "memoria demokratikoaren sinbolo" bihurtu dela.

Udalak eta Gogorak sustatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historikoaren eta aztarnen egoeraren prospekzioaren ondoren hartu zen lekuari esanahiz aldatzeko erabakia. Ikerketa horietatik ondorioztatu baitzen ezinezkoa dela mausoleo horretan lurperatutako gutxienez 17 biktima errepublikarren gorpuzkiak identifikatzea eta gerora berreskuratzea. Kalkuluen arabera, mausoleo frankista horretan 200 pertsona ingururen gorpuzkiak daude ehortzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika albisteak Donostiako azken albisteak Gipuzkoako albisteak Eneko Goia Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Aranzadi Elkartea Gogora