Politika -
Katalunia
Borrasek diputatu akta galdu du eta Parlamentuak presidente berria aukeratuko du ekainaren 9an
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ezohiko bilera egin du Gorenaren jakinarazpen bat jaso ostean; izan ere, Gorenak atzera bota du Hauteskunde Batzordeak Borrasi diputatu-akta kentzeko erabakiaren aurrean Ganberak aurkeztutako helegitea.
Agentziak | EITB Media
Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak diputatu-akta galdu du, Auzitegi Gorenak atzera bota baitu Ganberak aurkeztutako helegitea. Ondorioz, Parlamentuak presidente berria aukeratu beharko du ekainaren 9an.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 4 urteko kartzela-zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri zion Borrasi, Kataluniako Letren Erakundea (ILC) zuzentzen zuenean prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea egotzita.
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ezohiko bilera egin du arratsaldean, Auzitegi Gorenaren jakinarazpen bat jaso ostean. Bertan adierazten denez, Gorenak atzera bota du Hauteskunde Batzordeak Borrasi diputatu-akta kentzeko hartutako erabakiaren aurka Ganberak aurkeztutako errekurtsoa.
Parlamentuko iturrien arabera, Quim Torra Generalitateko presidente ohiari eta Pau Juvilla CUPeko diputatuari diputatu-aktak kentzeko erabilitako prozeduraren eta jakinarazpenaren "oso antzekoa" da Borrasen kasua.
Aurora Madaula bigarren idazkariak baino ez du bozkatu Hauteskunde Batzordearen eta Auzitegi Gorenaren erabakiari men egiteko Mahaiak hartutako erabakiaren aurka, eta Bozeramaileen Batzordearen bileran, Parlamentuko osoko bilkura berezia deitu dute ekainaren 9rako, ostiralerako, Ganberako presidente berria aukeratzeko.