Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gorrotxategi: "Ez da egia PSE-EEk gobernuetan sartzea proposatu zigunik"

Elkarrekin Podemosen Legebiltzarreko bozeramaileak berretsi du "gobernu eraldatzaileak lortzeko ezinbesteko" diren "leku guztietan" aldeko botoa emango dutela, eta printzipioz ez dutela asmorik gobernuetan sartzeko. "Udalez udal aztertuko dugu", erantsi du.

Gorrotxategi, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Gorrotxategi, elkarrizketaren une batean.
Gorrotxategi, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 26:14

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak errotik ukatu du PSE-EEk udal zein foru gobernuetan sartzeko proposamena egin ziola. "Ez da egia. Ez dakit Anduezak nahastu ote dituen egin nahi dituenak egindakoekin", erantsi du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa batean. Hain justu, herenegun mikrofono horien aurrean bota zuen Anduezak eskaintza egin zietela baina Elkarrekin Podemosek ez diela erantzun

Koalizio moreko eledunak aitortu du gerora "saiakera azalekoren bat" egon dela sozialistekin, baina "ez negoziazio prozesurik". Gorrotxategiren ustez, "kontraesana" da Alderdi Sozialistak Espainiako Estatuan eta EAEn duen politika; izan ere, "PP etsai bezala aurkezten du Madrilen, eta hemen eskuin gobernu bat ahalbideratu nahi du, PPren botoak ezinbesteko direla". Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, popularren babesa behar dute EAJk eta PSE-EEk Maddalen Iriarte (EH Bildu) garaitzeko. 

Gasteizko Udalean zein Gipuzkoako Aldundian gobernagarritasun aukerak aztertzeko EH Bildurekin joan den astean izandako hartu-emanez, Gorrotxategik esan du "gobernu eraldatzaileak lortzeko ezinbesteko" diren "leku guztietan" aldeko botoa emango dutela. "Printzipioz" ez dute beharrezko ikusten gobernuetan sartzea, horren esanetan, baina aukerak "udalez udal" aztertuko dituztela iragarri du. "Ikusten badugu baliagarria dela proiektu konkretu bat garatzeko, sartuko gara", gaineratu du. 

Azkenik, Hezkuntzaren lege proiektuaren inguruan galdetuta, burua lehengo lepotik dutela erantzun du, eta proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diotela. Horren ustez, "gauzak ez dira aldatu, proiektuak ez die erantzuten hezkuntzak dituen beharrei eta erronkei". Halaber, gogorarazi du Elkarrekin Podemosek hezkuntza ituna sinatu zuela EAJrekin, PSE-EErekin eta EH Bildurekin, eta hori ez dela bete azpimarratu du. Besteak beste, ez dela kontzertazio unibertsalarekin bukatzen eta ez dela eskola publikoaren zabaltzea gauzatzen salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika LOMLOE hezkuntza legea PSE-EE albisteak PP Gipuzkoa Gaurko titularrak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Irratia euskaraz Hezkuntza sistemako albisteak Udal hauteskundeak 2023 Miren Gorrotxategi Eneko Andueza