Politika -
U23 HAUTESKUNDEAK
EH Bilduren oinarriek Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak berretsi dituzte
Iñaki Ruiz de Pinedo, Oskar Matute, Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta izango dira Kongresurako zerrendaburuak; eta Josu Estarrona, Jasone Agirre, Gorka Elejabarrieta eta Koldo Leoz, berriz, Senaturako hautagai nagusiak.
EITB MEDIA
EH Bilduren oinarriek berretsi egin dituzte koalizio abertzalearen herrialdeetako mahai politikoek uztailaren 23ko hauteskunde orokorretara begira Kongresurako eta Senaturako proposatu dituzten hautagaitzak. Hala, oinarrien berrespena jaso ondoren, EH Bilduk bere hautagaitzen aurkezpen ofiziala egin du Bilbon, ekitaldi batean.
Ekitaldi horretan, Mertxe Aizpuruak eta Oskar Matutek adierazi dute "talde plurala eta konprometitua" osatzen dutela, "Euskal Herriaren eta, bereziki, euskal langileen eskubideak irmo defendatzeko helburuarekin". Testuinguru horretan, "Espainiar Estatuan ordezkaritza duten indar eskuindarrek inposatu nahi dituzten inboluzio-neurriei aurre egiteko prest" agertu dira.
Adierazi dutenez, "Espainian eskuin muturreko agenda erreakzionarioari aurre egiteko berme bakarra da EH Bildu", eta "Euskadiko zein Kataluniako ezker independentisten adostasunik gabe, ez dago gobernu aurrerakoirik". Horrenbestez, alderdi hauek gabe "ez legoke ezkerreko politika publikorik Espainiar Estatuan".
Hautagaiek azpimarratu dutenez, koalizio abertzalearen ordezkariek lau urte hauetan Kongresuan eta Senatuan egin duten lanari "jarraipena ematea ezinbestekoa da".
EH Bilduren hautagaiak "politika aurrerakoietan sakontzeko berme" gisa aurkeztu dira, eta "ausardiaz lan egiteko prest" daudela gaineratu dute, euskal herritarren interesak politika aurrerakoiak bultzatuz garatuko dituztela ziurtatuz.
Ondorengo hauek dira EH Bilduren zerrendaburuak:
Araba
- Kongresua: Iñaki Ruiz de Pinedo, Maider García de Vicuña, Iñigo Martínez, Rocío Vitero. Ordezkoak: Mikel Otero, Ainhize Solaun, Belén Arrondo.
- Senatua: Josu Estarrona, Aitziber Salazar, Pablo Vicente.
Bizkaia
- Kongresua: Oskar Matute, Marije Fullaondo, Andoni Rojo, Helena Franco, Dani Maeztu, Izortze Santin, Cesar Fandiño, Ane Mugururuza. Ordezkoak: Tontxu Campos, Oihana Azkorbebeitia, Aitziber Ibaibarriaga.
- Senatua: Jasone Agirre, Pello Zabarte, Natalia Gardeazabal.
Gipuzkoa
- Kongresua: Mertxe Aizpurua, Jon Iñarritu, Maddalen Urzelai, Larraitz Ugarte, Pello Urizar, Maddalen Iriarte. Ordezkoak: Jule Goikoetxea, Mohamed Salem Mohamed Hamudi, Ainhoa Beola.
- Senatua: Gorka Elejabarrieta, Olaia Duarte, Mario Zubiaga.
Nafarroa
- Kongresua: Bel Pozueta, Patri Perales, Raúl Maiza, Edurne León, Joseba Asiron. Ordezkoak: Idoia Aritzala, Ander Oroz, Bakartxo Ruiz.
- Senatua: Koldo Leoz, Amets Inda, Joseba Otondo.
Oinarriek babes zabalarekin onartu dituzte izendapenak
Asteazkeneko gauerditik ostiraleko gauerdira arte bozkatu ahal izan dira herrialde bakoitzeko zerrendaburuak. Gauzak horrela, EH Bilduren oinarriek babes zabalarekin onartu dituzte herrialdeetako mahai politikoek proposatutako hautagaitzak.
Araban, babesa % 97,95ekoa izan da diputatugaien kasuan, eta Senaturako proposatutako zerrendaburuek % 97,26ko babesa jaso dute.
Bizkaian, % 99,18koa izan da babesa Kongresurako hautagaien kasuan, eta % 98,34koa Senaturako hautagaien kasuan.
Halaber, Gipuzkoan, militanteen % 97,83k Kongresurako proposatutako hautagaitzak babestu dituzte, eta Senatuaren kasuan, % 97,53k.
Nafarroan, oinarrien % 98,78k berretsi dituzte diputatu izateko hautagaitzak, eta senatari izateko proposamenak, berriz, % 98,32k.