Politika -
BERMEOKO UDALA
Nadia Nemeh Shomalyk hartu du Bermeoko alkate-makila: "Larrauriren lanaren seme-alabak gara"
Bere alderdikideen eta Guzan taldeko zinegotzien 9 botoak jaso ditu Nemeh Shomalyk. Alkate-makila hartu berritan, Asier Larraurirentzat izan dira bere lehen hitzak. "Asierren lanaren seme-abalak gara", esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ
Bermeoko Udalbatzak Nadia Nemeh Shomaly EH Bilduko kidea izendatu du gaur alkate, aurrekoak, Asier Larraurik, kargua hartu eta biharamunean dimisioa eman ondoren.
Hala, Nadia Nemeh Shomaly, EH Bilduren Bermeoko hauteskunde-zerrendako bigarrena, da gaurtik Bizkaiko udalerri horretako alkatea, EH Bilduren eta Guzan talde independentearen arteko akordioa berretsi ostean.
Gaurko ezohiko bilkuran, 9 boto jaso ditu Hemen Shomalyk, ezkerreko koalizioaren 5 eta Guzan taldearen 4. Aritz Abaroa EAJren hautagaiak, berriz, 8 jaso ditu.
Guzan taldeko Xabier Ortuzarren eskutik —Larrauriren dimisioaren ondotik jarduneko alkatea izan da— jaso du alkate-makila Nemeh Shomalyk. Kargua hartu berritan, bere lehen hitzak Larraurirentzat izan dira. "Ohore bat kargua hartzea, baina ezin ditugu ahaztu azken asteotako momentuak. Asierren lanaren seme-alabak gara. Niretzat ez da lankide bat bakarrik, neba bat da, eta anai bat bidean erortzen bada, lepoan hartu eta segi aurrera. Bermeotarrez esaten den bezala, asko gutsut, Asier", esan du.
Halaber, xenofobiaren eta matxismoaren inguruko gogoeta bat ere utzi du bere hitzartzean. Horren hitzetan, "batzuei ez zaie asko gustatu emakume palestinar bat" alkate izatea, eta "faxisten haserrea" eragin du bere izendapenak. Horren aurrean, galdera bat egin du: "Zer da bemeotar izatea? Bada, bermeotarra herria maite duen pertsona da, eta nik asko maite dut Bermeo".
"Hurbileko politika" egitera datorrela nabarmendu du, "herri euskaldun eta feminista bat" eraikitzera. Bidaide izango dituzten Guzan taldekoei eskerrak eman dizkie proiektuarekin bat egiteagatik.