Politika -
eitb focus
Endika Nuñez, datu kazetaritzan aditua: "Euskadiko 5 boto-emailetik batek ez daki zer alderdiri eman botoa"
Nuñezek xehetasunez aztertu du EITB Focusen azken inkesta. Nabarmendu duenez, hauteskun gauean adi-adi jarraitu beharko da zenbaketa; izan ere, posta bidezko boto eskaera handiaren aurrean aldaketak egon daitezke azken orduan.
eitb media
Hauteskundeetarako sei egun falta direnean, Euskadiko bost boto-emailetik batek oraindik ez daki zein alderdiri eman botoa. Horietatik erdiak aitortu du, gainera, "ez dutela alderdi batekiko edo bestearekiko inongo sinpatiarik edo hurbiltasunik". Hala azaldu du datu kazetaritzan aditua den Endika Nuñezek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorrei begira EITB Focusek inkesta kaleratu berri du eta bertan argitaratutako azken datuak aztertu ditu adituak. Aurtengo hauteskundeei begira posta bidezko botoak duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, uste du zenbaketako azken minutuetan aldaketak egon daitezkeela. Nabarmendu duenez, gainera, Sumar alderdiko boto-emaileak lirateke, neurri handi batean, botoa posta bidez emango dutenak.
EITB Focusek agertoki zabala iragarri du, EAJren, EH Bilduren eta PSEren arteko berdinketa hirukoitzarekin, bakoitzak 5 eserleku lortuko baititu. Alderdi Popularra suspertu egingo lirateke, bi eserlekurekin, eta Sumarrek eserleku bakarra lortuko luke Euskadin, Lander Martinezena (Bizkaia).
Inkestaren arabera, EAJk behera egingo luke boto-asmoari dagokionez, 2019an baino 4 puntu gutxiago, baina indar bozkatuena izaten jarraituko luke. Oso gertu legoke EH Bildu, distantziak murriztuko baititu, eta EAJrengandik hiru puntu pasatxora geratuko litzateke.
EH Bilduren emaitza onen aurrean, datu kazetaritzan adituak nabarmendu du koalizioak % 80tik gorako fideltasun tasak dituela eta "EH Bilduk bere boto-emaileei eusteko eta beste batzuk erakartzeko gaitasuna" duela. EAJk, berriz, fideltasun tasa baxuagoa du, Nuñezen aburuz, % 70 ingurukoa. Gainera, uste du Euskal Alderdi Jeltzaleak nolabaiteko higadura izan dezakeela "boto erabilgarriagatik".
Nafarroan PSNk eta PPk 2na diputatu eskuratuko lituzkete, baina Alderdi Sozialista izango litzateke bozkatuena lurraldean, popularrei 5 puntuko aldea aterata, EITB Focus inkestaren arabera. EH Bilduk eserleku bat lortuko luke berriz ere.
Nuñezek esan du datuetan ikusten dela Alderdi Popularra Navarra Sumaren botoaren gehiengoa bereganatzen ari dela. Hala, "boto-emaileen % 55ek Alderdi Popularra aukeratuko lukete, eta % 25 inguruk UPNri emango lioke botoa". Adituaren arabera, "PPk boto erabilgarria bilduko luke, UPN ahulduta eta eserlekua lortzeko aukeratik kanpo utzita".