Politika -
EAE-KO HAUTESKUNDEAK
Eusko Legebiltzarrerako zerrenden proposamena jakinarazi du EBBk, berrikuntza eta aldaketa nabarmenekin
Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria lehendakari eta Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai dira, hurrenez hurren. Arantza Tapia, Josu Erkoreka, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso edo Iñigo Iturrate zerrendetatik kanpo geratu dira, eta Markel Olano edo Nerea Melgosa, berriz, sartu.
EITB MEDIA
Euzkadi Buru Batzarrak gaur arratsaldean bidali die bere alderdikideei Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeetan EAEko hiru Lurraldeetan EAJk aurkeztuko dituen zerrendak osatzeko hautagaien proposamena, alfabetikoki ordenatuta.
Zerrendak argitaratuta, EBBk bere barne hauteskunde prozesua abian jarri du eta orain, alderdikide guztiek hautagaiak proposatu zein aukeratu ditzateke. Prozesua urtarrilaren 27an amaituko da, Ezohiko Aberri Batzarrean, behin betiko zerrenda onetsiz.
Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria dira, hurrenez hurren, Lehendakarirako eta Eusko Legebiltzarreko presidenterako hautagaiak.
Araban, iraultza planteatzen du EAJk. Egungo legebiltzarkide bakar bat ere ez da ageri zerrendan. Aurrekoan Iñigo Urkullu zen zerrendaburua eta zerrenan zihoan Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea ere.
Bizkaian, ez dute errepikatuko 2020ko zerrendan lehen hiru postueta joan zirenek, Iñigo Iturratek, esate baterako. Oraingoan, Imanol Pradales izango da lehena zerrendan, lehendakarigai izatearekin batera.Gipuzkoan, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak zerrendan ez joateko erabaki du, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez. Dena dela, Gipuzkoako da 2020ko zerrendarekin alderatuta, aldaketa gutxien dituen lurraldea. Orduko lehen eta bigarren postuetako hautagaiek, Bakartxo Tejeriak eta Maria Eugenia Arrizabalagak, errepikatu egingo dute. Argitzeko dagoena da nor izango den zerrendaburu, Tejeria bera edo Markel Olano ahaldun nagusi izandakoa.
Zerrendetan ageri ez direnen artean, Tapia eta Erkoreka sailburuak
Arantza Tapiak eta Josu Erkorekak, legebiltzarkide ziren bi sailburuek, ez dute zerrendetan errepikatuko. Arantxa Tapia Gipuzkoako zerrendako laugarren postuan joan zen 2020an, eta Josu Erkoreka bigarrena izan zen Bizkaiko zerrendan.
Arabako zerrendan berrikuntza, Nerea Melgosa egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua zerrendan joan dela. Ikusteko dago lurralde horretako zerrendaburua izango ote den baina bera da EAJren zuzendaritzak Arabarako egindako proposamenaren izenik ezagunena.
Gainera, gaur egin du publiko EBBk ekainaren 9an egingo diren Europako Hauteskundeetarako hautagaitzak osatzeko proposatzen dituen 32 pertsonen zerrenda ere. Tartean da Daniel Innenarity filosofoa. Datorren urtarrilaren 27an egingo den Aberri Batzarrarekin amaituko den barne prozesuan hautatuko dituzte hauek ere.
Hau da hautaketa egutegia:
Abenduaren 11tik 24ra: Lehen hautespen aldia Uri Erakundeetan, non alderdikideek, EBBk proposatutako pertsonak babesteu edo baztertu ahal izango dituzten eta, horrekin batera, hauteskundeetarako zerrendak osatzeko hautagai berriak proposatu. Prozesuan jarraitu ahal izango dute gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa lortzen dutenek.
Abenduaren 24tik urtarrilaren 3: Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak osatu eta Uri Erakundeei bidaliko dizkie bigarren hautespen aldira igaroko diren hautagaien zerrendak.
Urtarrilaren 4tik 14ra: Bigarren hautespen aldia Uri Erakundeetan, non 25 hautagai titular eta 5 ordezko aukeratuko baitira lurralde bakoitzeko. Bozketa horin emaitzekin, Uri Erakundeek, beren ahaldunen bidez, proposamena eramango dute dagokien Herrialde Batzarretara.
Urtarrilaren 15etik 19ra: Herrialde Batzarrak egingo dira eta eta lurralde historiko bakoitzetik EAJk Euskadiko Hauteskundeetara eramango dituen zerrendak osatzeko 30 pertsonak hautatuko dituzte.
Herrialde Batzar hauetako bozketen emaitzak jaso ondoren, EBBk hautagaien behin betiko hurrenkera erabakiko du eta behin betiko proposamena aurkeztuko dio Aberri Batzarrari urtarrilaren 27an, onets dezan. Zerrenda hori izango da EAJk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik hauteskundeetara eramango duena.