Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Hauteskunde eztabaidaren biharamuna, Pradalesen aurkako erasoa eta Iran-Israel gatazka
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 17an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EiTBko hauteskunde eztabaidaren biharamuna: Lehendakarigai guztiak batu dituen telebistako debate bakarraren biharamuna da gaurkoa. Imanol Pradales (EAJ), Pello Otxandiano (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE), Javier de Andres (PP), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos), Alba Garcia (Sumar) eta Amaia Martinez (VOX) lehendakarigaiek Osakidetza eta balizko itunak hizpide izan dituzte. Halaber, lehendakarigaiek ez dute aipatu ETAren indarkeriaren inguruan azken orduetan piztu den polemika, eta zerbitzu publikoen inguruan egin dute eztabaida batik bat.
- Pradalesen aurkako erasoa: Atzo, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari piperbeltz gasa jaurti zioten Barakaldon, mitin partean hartu ostean. Gurutzetako Ospitalean artatu zuten, eta, sendagiria jasota, EiTBren hauteskunde debatean parte hartu ahal izan zuen. Medikuen txostenaren arabera, ezkerreko begiko ikusmena kaltetuta du Pradalesek, eta aurpegiaren eskuineko aldea hozminduta. 49 urteko ustezko erasotzailea atxilotu dute eta epailearen aurretik igaro zain dago. Lehen informazioen arabera, erasoak ez du motibazio politikorik izan.
- Iran-Israel gatazka: Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek Irani zigorrak jartzea bultzatu dute, baina neurri gabeko erantzunik ez emateko eskatu diote Israeli, gatazka gaiztotu ez dadin. Halaber, Europar Batasunak gaur egingo duen bileran mahai gainean jarriko ditu zigor horiek Josep Borrell batasuneko diplomazia buruak.