Politika -

Animalia basatiak

Diputatuen Kongresuak otsoari babes berezia kentzeko atea zabaldu du

Voxek, Juntsek eta EAJk babestu dute PPren ekimena aintzat hartzea. Bestalde, EH Bildu abstenitu egin da.

Otso bat. Argazkia: EFE
Otso bat. Argazkia: EFE
Otso bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresua otsoa babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendatik ateratzearen alde agertu da. Oraindik hilabeteak geratzen dira tramiteak eta zuzenketak egiteko, baina nekazari eta abeltzainen eskaera horrek mamitzeko itxura du. PPren ekimena Voxek, Juntsek eta EAJk babestu dute. Bestalde, EH Bildu abstenitu egin da.

Horrela, otsoak babestuta jarraitzen du, eta jarraituko du, baina atea irekitzen zaio hainbeste ez egoteko. PPren proposamena da Duero hegoaldean soilik debekatzea haren ehiza. PPk otsoa Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendatik (LESPRE) ateratzea defendatu du, Pedro Sanchezen Gobernuak sartu eta hiru urte geroago.

Proposamena kontuan hartzeko eztabaidan, ekimena aurkeztu duen PPko diputatu Silverio Arguellesek adierazi du gaur egun batez beste "egunean 35 otso eraso" gertatzen direla eta espezieak 2023an "14.000 animalia baino gehiago" hil zituela. "Pedro Sanchezek gobernatzen duenetik milioi bat abelburu baino gehiago galdu dira, erroldaren % 15. Beharrezkoa da sarraski hori gelditzea, abeltzaina babestu behar da, zoritxarrez, desagertzen ari den espeziea baita", gaineratu du.

Bestalde, Daniel Senderos diputatu sozialistak "gezurretan, manipulatzen eta engainatzen" ibiltzeari uzteko eskatu die PPri eta Voxi, eta otsoa LESPREn sartzea berme juridiko eta zientifikoarekin egin zela defendatu du.

Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuak baieztatu du jeltzaleek proposamena aintzat hartzearen alde bozkatuko dutela, hori bai, ondoren beharrezko zuzenketak egiteko. Horrela, Espainiako Gobernuari aurpegiratu dio otsoa LESPREn sartzea "nahitaezkoa" izan zela, ez zutela "inorekin kontsultatu", eta orain horren ondorioak ikusten ari direla.

Gainera, ordezkari jeltzalearen hitzetan, Asturiasek, Kantabriak, Gaztela eta Leonek, Galiziak eta Euskadik "oraingoan egoera kaotikoa dela erakutsi dute". Hala ere, adierazi duenez, ez dute "otsoari bai, otsoari ez" eztabaida "ez ulertzen ez partekatzen", eta hortara eraman nahi duenak "asmo txarra du, edo ezjakina da".

EH Bilduren ustez, "otsoak arriskuan dagoen espezie gisa behar duen babesa bateratzeko tramitean aldatu beharko diren kontuak daude, baina baita baserritarren eta artzainen, Euskal Herrian lurra lantzen duen sektorearen, beharrezko babesa ere, sektore horrek bermeak izan behar baititu eta segurtasuna izan behar baitu. Bi ikuspegi eta behar horiek bateratzea da tramitean lortu behar duguna".

"Horregatik, abstenitu egingo gara, gaiari heldu eta eztabaida hasi ahal izateko eta tramitazioan beharrezkoak diren neurriak hartzeko", gaineratu du koalizioak.

2014an talde bakarra antzeman zenetik, otsoak Euskadiko mendebaldean izan duen hedapena bistakoa da. Gaurkoa izan da babesa murrizteko abiapuntua. Indar politikoak akordio batera iristen badira, hilabete batzuk barru egingo da.

Europako fauna eta habitatak babesteko Bernako Hitzarmenean oinarrituta, otsoen populazioek orain jasotzen duten babes integrala murrizteko eskatu zuen iragan abenduan Europako Batzordeak, espezie hori kudeatzeko arauak "malgutzeko", "Europako hainbat tokitan abereen aurkako erasoak areagotu direlako, eta tokiko komunitateekin izandako gatazkari aurre egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Nekazaritza Animaliak Abeltzaintza Ehiza