Politika -
Espainiako Gobernua
Gazan genozidioa ez laguntzeko neurriak eskatu dizkie Eskubide Sozialen ministroak enpresei
Espainiako Atzerri eta Ekonomia ministerioak harrituta agertu dira dagoeneko Pablo Bustinduyk zuzendutako Ministerioak bultzatutako ekimenarekin, eta ez dute babestu.
Agentziak | EITB Media
Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen ministroak (Sumar) gutunak bidali dizkie Espainiako enpresei, Israelen egiten dituzten negozioek "genozidioan laguntzea" saihesteko neurriak har ditzatela eskatzeko. Atzerri eta Ekonomia ministerioak (PSOE), ostera, ekimenarekin harrituta agertu dira jadanik, eta ez dute babestu. CAF eta Naturgy dira Israelen filial gehien duten estatu espainarreko bi enpresak.
Gutun horiek Israelek Espainian duen enbaxadaren berehalako erantzuna ere eragin dute. Eskubide Sozialen Ministerioak eskutitzak genozidioari amaiera emango dioten "konponbideak bilatzen" laguntzeko beste urrats bat bezala justifikatzen du, "Espainiako Gobernuaren ildo politikoko beste ekintza bat bezala".
Kontsumitzaileen eskubidea aldarrikatu du Bustinduyk, ondasun edo zerbitzu bat erosten dutenean, zuzenean edo zeharka, "giza eskubideen urraketak finantzatzen" laguntzen ari diren jakiteko.
Atzerri eta Ekonomia ministerioek adierazi dute ez zutela Bustinduyren ekimenaren berri, eta Espainiako Gobernuak Palestinako egoerari buruz duen jarrera berretsi dute: giza eskubideak mantentzea eskualdean, su-etenaren premia eta Israelekin bizikidetza baketsuan dagoen Palestinako estatua onartzea.
Gazaren eta Palestinako estatuaren inguruko jarrera "argia" dela nabarmendu du Jose Manuel Albaresen Ministerioak, baina baita Israel Espainiaren "lagun" gisa hartzen duela ere.
"Gutun horri buruz daukagun lehen albistea da. Ez dugu ulertzen, zer esan nahi duen, 'Gobernua' aipatzen duenean. Ez dakigu ezer eskutitz horri buruz", adierazi diote EFEri Atzerri Ministerioko iturriek.
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak esan duenez, "ez dut agiria ikusi". Eta gogorarazi du Espainiako Gobernuak "oso argi" duela Gazako egoerari buruz duen ikuspegia, "eskualdean giza eskubideak mantentzeak duen garrantziari" eta "su-etena adosteko" eta indarkeria gelditzeko ahaleginei dagokienez.
Bestalde, Israelek Espainian duen enbaxadak errefusatu egin ditu ministro batzuek egindako "akusazio faltsua", Bustinduyri erreferentzia eginez, Palestinan "genozidioa" egiten ari direla esan izanagatik.
Azkenik, Podemosek Espainiako Gobernuari eskatu dio Israelekin harreman diplomatikoak eten ditzala, estatu genozida gisa definitzen baitu. "Gaur Gobernuak esan du Israel Espainiaren laguna dela, eta hori da arazoa, Espainiak ezin duela lagun genozidarik izan", azaldu du Irene Montero Berdintasun ministro ohi eta Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak.
Israelekin harremanak eteteko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: "(Gustavo) Petrok egin badu, zuk ere egin dezakezu, eta asko hitz egin baina ezer ez egin horretarako gaitasuna duzunean, hipokresia da, edo zerbait are okerragoa".