Teknologia -
Tecnalia
Adinekoei garraio publikoak erabiltzen laguntzeko app bat sortu dute
Ibilbide bakoitzerako aukerarik onena zein den adierazten du aplikazioak informazioa argi eta erraz emanez.
Erredakzioa
Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak adinekoei garraio publikoa erabiltzen laguntzeko aplikazio bat diseinatu du. PCrako eta 'smartphone'-etarako erreminta Donostian probatu dute eta "arrakasta" izan du, zentroko arduradunek jakinarazi dutenez.
Hirian hara eta hona mugitzea zaila izaten da askotan adinekoentzat, eta adinean aurrera egin ahala, auto pribatua utzi eta garraio publikoa gero eta gehiago erabiltzeko joera izaten da. Halere, ez da beti erraza izaten jakitea zein den autobusik egokiena hirigunera joateko, edo noiz aldatu behar den autobusez.
Adinekoak "askoz errazago" moldatuko dira aurrerantzean, Tecnalia ikerketa zentroak garatu duen aplikazioari esker, ibilbide bakoitzerako aukerarik onena zein den adierazten baitu informazioa argi eta erraz emanez.
Ordenagailuetarako nahiz telefono adimendunetarako aplikazio bat da, eta erabiltzaileak abiapuntu bat eta helmuga bat baino ez ditu sartu behar. Erremintak, berehala, aukerarik onena bistaratzen du pantailan, eta informazio hau ematen du: zer garraio publiko hartu behar den eta, ibilbidea edo garraiobidea aldatu beharrik bada, horretarako azalpen zehatzak.
Laguntzaileak, gainera, informazio hau ematen dio erabiltzaileari: ibilbideak zenbat irauten duen, ibilgailutik noiz jaitsi behar duen eta ibilbidean gorabeherarik baden; gorabeherarik bada, bidaia egokitzen laguntzen dio erabiltzaileari denbora errealean. Hala, saihestu egiten da erabiltzaileek bidean oztoporik topatzea, hala nola eskailerak eta arkitektura oztopoak.