cerrar buscador

EITB Maratoia 2023, abenduaren 14an; minbiziaren ikerketarako diru-bilketa – EITB

EiTB MARATOIA

11:23

EiTB MARATOIA

Alzheimerra

Alzheimerra jorratu du 'EITB Maratoia solasean' ekimenak, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik

EITB Media

Bertan izan dira Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia, hainbat ikerlari eta elkarteetako ordezkarirekin batera.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Ostegun honetan, abenduak 9, 'EITB Maratoia solasean' mahai-ingurua egin da Gurutzetako Ospitaleko Biocruces Bizkaia Osasun Ikerkuntza Institutuan, eta Alzheimer gaitza jorratu dute bertan, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik. Izan ere, alzheimerra da aurtengo EITB Maratoiaren kausa, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean. Abenduaren 16an egingo da ekimen solidarioaren egun handia, eta ostegun honetako aurkezpen-solasaldiak hasiera emango dio elkartasun kanpainaren azken txanpari, gaitzaren inguruan informazio gehiago jaso eta zabaltzeko asmoa izan duen mahai-inguru berezi honekin.  

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia bertan izan dira. Horiekin batera, ekimenean parte hartu dute Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak, Manuel Fernandez (Biocruces), Myriam Barandiaran (Biodonostia) eta Johanne Somme (Bioaraba) ikertzaile eta adituek, eta Koldobika Aulestia AFAGI elkarteko presidenteak, gaitza pairatzen duten gaixo eta senitartekoen elkarteetako ordezkari gisa. Izaro Iraeta aurkezleak gidatu du solasaldia. Publikorik gabe egin da ekitaldia, baina streaming bidez jarraitzeko aukera eskaini du eitb.eus-ek.

EITB Maratoia solasean

EITB Maratoia solasean

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ireki du mahai-ingurua, EITB Maratoia bezalako ekimen solidarioen garrantzia nabarmenduz. Sagarduik azpimarratu duenez, EITB Maratoiak balio du agerian jartzeko osasun arloan ikerketa egiten dela eta egoki ikertzen dela; eta, aldi berean, gizartearen beraren inplikazioa bultzatzeko. EITB Maratoia bezalako ekimenak "tresna bikainak dira gizartearen elkartasuna bideratzeko eta, beraz, asmoak errealitate bihurtzeko", esan du.

Sailburuak azaldu duenez, alzheimerraren inguruan 20 proiektutan dihardu lanean Osasun Saila, milioi erdi euroko kanpo finantzazioarekin. "Neurozientziak dira gure ikerketa-arlorik nagusienetakoa", gaineratu du. Sailburuak gogoratu duenez, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerkuntza Institutuen bitartez egiten da ikerketa hori, BIOEF buru dutela, eta gainerako beste agente batzuekin elkarlanean.

Ildo horretan, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Osasun-sistemaren eta EITBren arteko aliantza azpimarratu du, eta baita ere EITBren beraren konpromisoa eta betebeharra zerbitzu publiko gisa. Gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea da EITB talde publikoaren betebeharra, Aldekoak adierazi duenez; eta  urtez urte EITBk lortu du EITB Maratoia "gizartean txertatu eta gizartearekin konpartitzen dugun marka izatea". Hala, erakundeen, enpresen eta herritarren erantzuna nabarmendu du, urtez urte eskuzabal jokatzen duelako; eta eskerrak eman dizkio euskal gizarteari.

Halaber, azpimarratu du ikerkuntza gakoa dela. "Ikerkuntzarako baliabideak biltzea da EITB Maratoiaren helburua: alzheimerraren kausa ikusgarri egin eta, Osasun-sistemaren eta EITBren artean lankidetza-esparruaren baitan, biltzen den dirua ikerketa proiektu ezberdinetara bideratzea, BIOEF fundazioaren bidez", gogoratu du. Hala, Aldekoak azaldu du EITB Maratoia sartu dela kanpaina solidarioaren azken txanpan, eta EITBren medioak alzheimerra gizartera gerturatzen saiatuko direla, adituen ahotsekin, elkarteen testigantzekin eta ikerlarien lanaren inguruko informazioarekin. Hain zuzen ere, ikerlari, aditu eta senitarteko eta elkarteen ahots horiek elkartu nahi izan ditu 'EITB Maratoia solasean' mahai-inguruak.

Ahots horietako bat da Manuel Fernández profesionalarena. Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuan nerbio-sistemako gaixotasunen arloko eta gaixotasun neurodegeneratiboen taldeko koordinatzailea da Fernandez, eta baita Gurutzetako Ospitaleko eta Oroitu arreta espezializatuko zentroko neurologoa ere. Alzheimer gaitzak zer dakarren eta nola eta noiz garatzen den azaltzeaz gain, azken urteotan eman diren aurrera pausoak azaldu ditu. Zehazki, irudi-teknika berriak, gaixotasuna garatzeko arrisku-faktoreen azterketa, genetikaren arloko aurrerapenak eta farmako berrien garapena aipatu ditu. Biocruces Bizkaia institutuko ikerketa ildoen berri eman du, eta kaltetutako pazienteen garun-laginak eta beste lagin biologiko batzuk emateak duen garrantzia azpimarratu du, laginok euskal biobankuak kudeatzen dituela nabarmenduz. "Ikerlariok denbora eta baliabide ekonomikoak behar ditugu proiektuak aurrera eramateko. Datozen urteak itxaropentsuak izango dira eta ikerketa funtsezko elementua da", gaineratu du.

Halaber, mahai-inguruan Johanne Sommek ere hartu du parte. Somme Arabako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia zerbitzuko neurologoa da, eta bertako narriadura kognitiboaren kontsulta berezituaren arduraduna. Bioaraban egiten ari diren  biomarkatzaile ikerketaren proiektuaz jardun da. Sommek azaldu duenez,  dementziak, sarritan, ez dira modu isolatuan gertatzen, eta hildako gaixoen garuna aztertzerakoan, gaixo berak hainbat patologia izan dituela konturatu dira. Uste dute hainbat patologia batera izateak gaixotasunean eragina izan dezakeela, eta, baita, gaixoak tratamenduari erantzuteko moduan ere. Hartara, Bioaraban parkinson gaixotasunarekin eta prinopatiekin zerikusia duten dementzientzat biomarkagailuak aztertzen ari dira.

EITB Maratoia solasean

EITB Maratoia solasean

Ekitaldian hartu du parte, berebat, Myriam Barandiaran adituak. Barandiaran Neurozientzietan doktore eta Biodonostiako gaixotasun neurodegeneratiboen taldeko arduradun eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Narriadura Kognitiboaren Unitateko Neurologia zerbitzuko neuropsikologo klinikoa da. Zahartzeaz eta zahartzearekin zerikusia duten gaixotasunen inguruan BIodonostian zabalik dituzten ikerketa ildoez aritu da Barandiaran. Zehatzago esateko, detekzio  goiztiarrerako ezaugarriak bereizteko ikerketak  izan ditu ahotan eta baita eragile terapeutikoen azterketa ere. Horrez gain, neuropsikologiaz mintzatu da, narriadura kognitibiboa (kasu honetan oroimenaren narriadura) ebaluatzeko tresna gisa. Bizitzako ohituretan oinarritutako prebentzio estrategian jarri du azpimarra. Orobat, Barandiaranek nabarmendu du ikerketa ez dela soilik pertsona batzuk laborategi batean. "Ikertzeko medikuen eta ikertzaileen arteko komunikazioa beharrezkoa da", gogoratu du. "Baina, horrez gain erakundeek, gaixoek eta familiek parte hartzea beharrezkoa da", erantsi du. 

Gaixo eta senitarteko horiei ere ahotsa eman nahi izan die 'EITB Maratoia solasean' mahai-inguruak, eta bertan izan da Koldobika Aulestia, AFAGI Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen Gipuzkoako elkarteko presidentea, gaitza pairatzen duten gaixo eta senitartekoen elkarteetako ordezkari gisa. Gaixoen ondoan dauden hurbilekoek eta zaintzaileek duten paperaz hitz egin du Aulestiak, eta elkarteek beraiek prozesu horretan eskaintzen duten babes eta laguntzaz. AFAGIk, adibidez, arreta psikologikoa, arreta psikosoziala, estimulazio kognitiboa eta "Zaintzen" izeneko prestakuntza eskaintzen die zaintzaileei, eta helburu dute gaixoen eta haien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea. AFARABA (Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senideen eta lagunen Arabako elkartea), AFA Bizkaia (Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senideen eta lagunen Bizkaiko elkartea) eta AFAN (Nafarroako Alzheimerra duten gaixoen senideen elkartea) elkarteek ere laguntza eta aholkularitza eskaintzen diete gaixo eta senideei lurralde ezberdinetatik.

EITB Maratoia solasean

EITB Maratoia solasean

Mahai-ingurua Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariaren mintzaldiarekin bukatu da. Hain zuzen ere, bildutako dirua proiektu zehatzetan nola bideratuko den azaldu du. Ibarrondok azaldu duenez, behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako  kideek ere parte hartu ohi dute, Ibarrondok azaldu duenez. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi direla eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituztela ere azaldu du. "Aurreko deialdietan, elkartasun horri esker, 6,4 milioi euro bideratu dira patologia ezberdinetako 111 ikerketa-proiektuetara. Hain zuzen ere, egindako azken deialdian, EITB Maratoiarekin bildutako dirua covid-19ari buruzko 11 ikerketa proiektu finantzatzeko erabili izan da", gaineratu du.

Alzheimer Gaitza datutan

-Alzheimer Gaitza (AG) gehien ematen den dementzia degeneratibo mota da (dementzia guztien % 60 eta 80 artean) eta memoriaren galera, gaitasun kognitiboen narriadura (hala nola pentsamenduaren eta ulermenaren asaldura) eta portaeraren aldaketak eragiten ditu.

-Alzheimer Gaitza da dementziaren kausa nagusia 65 urtetik gorakoen kasuan. Euskal Autonomia Erkidegoan talde horretan dauden 481.363 pertsonen artean, 48.000 lagunek dementzia motaren bat daukate. Eta horietako % 70k (36.600 lagun inguruk) Alzheimer Gaitza dauka.

-Euskadin, dementzia da ezgaitasunen eragile nagusia, bai eta mendekotasun maila handiena eragiten duen gaixotasuna ere. Hortaz, haren eragin ekonomikoa oso handia da. Esate baterako, gure herrialdean, Alzheimer Gaitzak jotako gaixo bati arreta eskaintzeko lanak gutxi gorabehera urtean 31.000 euroko kostua dauka familia batentzat. Euskadin, gaixotasuna gertutik bizi duten familiek urtero mila laurehun milioi baino gehiago erabiltzen dituzte haien senideak zaintzeko.

-Euskadi eta Nafarroa dira, Kantabriarekin batera, gaixotasun neurologikoek eragindako heriotza-tasa handiena daukaten erkidegoak. Azken 10 urteotan, alzheimerrak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira.

-AGarekin zerikusia duten prozesu eta mekanismoak gaixotasunaren hasiera klinikoa baino zenbait hamarkada lehenago abiatzen dira eta, horrenbestez, diagnostikoa funtsezkoa da tratamendu goiztiarrari ekiteko. Gaixotasunaren agerpenak 5 urtez atzeratuko balira eta 2025erako tratamendu eraginkor bat erabilgarri egongo balitz, 2050erako aurreikusitako gaixoen kopurua erdira murriztuko litzateke hartze integralaren ikuspegitik landu behar da ezinbestean dementzien tratamendua.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.