00:07

Gaztea

Sari-banaketa

Gaur ospatuko da Gaztea Sariak gala Donostiako Kursaal aretoan

EITB

Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak aurkeztutako sari-banaketa ETB1en eta eitb.eus-en ere emango da 22:30etik aurrera.

0:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

30. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta, Gazteak bere klasikoetako bat berreskuratu du, Gaztea Sariak. Gala gaur ospatuko da Donostiako Kursaal aretoan, eta ETB1 eta eitb.eus bidez jarraitzeko aukera izango da 22:30etik aurrera.

Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak aurkeztutako ekitaldi berezi horretan umorea eta sorpresak ez dira faltako. Bederatzi kategoria ezberdinetan izendatuta zeuden artisten sarien berri emateaz gain, hainbat emanaldi ere eskainiko dira.

Batetik, Pello Reparazek eta Sara Zozayak elkarrekin abestuko dute Hegan kantua, Zetak proiektuak Gazteari bere urtemugaren harira egindako oparia, hain zuzen. Bestetik, Izaro ere entzun ahal izango dugu piano batez lagunduta. Horrez gain, Zea Mays, Olatz Salvador, En Tol Sarmientoko Iñigo eta Sua taldeko Anek ere parte hartuko dute ekitaldian zehar.

Musikari horiez gain, bertan izango dira baita ere kategoria guztietako gonbidatuak: Xabi Bandini, Belako, Berri Txarrak, Dupla, Bulego, Twin Melody, Alex Sardui, Skakeitan, Willis Drummond, Orioko Arraun Elkarteko neskak, Iñigo Muguruzaren familia, Zaporeak proiektua, Zorion Egileor aktorea eta Egunean Behin jokoa garatzearen arduradunak.

Berri Txarrak taldeak, gainera, Ikusi Arte azken birari buruzko dokumentalaren aurrerapen bat eskainiko du gaur gaueko galan.

2009tik ospatu ez diren Gaztea Sariak berreskuratu diren honetan, kategoriak eguneratu eta berriren bat gehitzeaz gain, garaikurra bera ere eraberrituta egongo da.

Bederatzi irabazle, bederatzi kategoriatan

Bederatzi ataletan bozkatuko dute entzuleek, eta haien guztien artean 300 euroko balioa duten hainbat patinete elektriko zozkatuko da. Kategoria bakoitzean lau hautagai proposatzen dira.  

Talde edo bakarlari onena atalean daude Belako, Izaro, Zetak eta Gatibu. 

Kantu onena atalean hauek dira proposatutako abestiak: Hegan (Zetak), Aukera (En Tol Sarmiento), Ezpainetan odola (Skakeitan) eta Libre (Izaro).

Bestalde, Disko onena atalean, Belakoren Plastic drama, Skakeitan taldearen Nola galdu denbora, Zea Mays bilbotarren Atera eta Willis Drummond hirukotearen Zugzwang lanak daude. 

Era berean, Zetak, Xabi Bandini, Belako eta Eñaut Elorrietaren kontzertu formatuek daukate Zuzeneko onenari saria irabazteko aukera. 

Gainera, Bideoklip onenari saria lortzeko, Izaroren Invierno a la vista, Suaren You Don't Care, Zetak taldearen Pater noster eta Belakoren Tie me up bideoak proposatu ditu Gazteak. 

Talde edo bakarlari berriari saria irabazteko hautagaiak dira Sua talde bizkaitarra; Aguraingo bikotea, Dupla; Bulego pop talde azkoitiarra eta Sara Zozaya musikari donostiarra.

Euskal musika onenaz gain, urteko pertsonaia ere aukeratuko dute aurten Gaztea Sarietan. Hautagaiak honako hauek dira: Itziar Ituño aktorea; Twin Melody, Aitana eta Paula Etxeberria ordiziarrak; Orioko Arraun Taldeko neskak eta "El Conquistador del Caribe" saioko aurtengo irabazlea izan den Mikel Perez. 

Urteko ekimen edo fenomenoari saria atalean, Berri Txarrak taldea, Zaporeak proiektu solidarioa, El Hoyo filma eta Egunean Behin jokoa proposatu dituzte. 

Aurten, COVID-19aren pandeamiak aurrekaririk gabeko krisi batean murgildu gaitu. Hala ere, arteak eta kulturak bere sorkuntza bideari eutsi dio. Horregatik, aurten, ezohiko kategoria bat sortu dute, Konfinamenduko abesti edo bideo onenari saria. Hauexek nabarmendu dira bertan: Zeinen ederra izango den (Zetak); Zurekin batera (ETS); Tiempo ausente (Izaro), eta Harbide zilar bat (Eñaut Elorrieta).

Iñigo Muguruzari omenaldia

Gaztea Irratiak Iñigo Muguruzari omenaldi berezia eskainiko dio Gaztea Sarien galan. Ibilbide osoari aitortza saria emango dio Gazteak aurten berreskuratu duen sarietan. Orain dela urtebete utzi gintuen musikariaren alabek jasoko dute garaikurra, Jon Maia bertsolariaren eskutik. 

Gaztea irratiko lantaldeak argi dauka omenaldi honek Iñigo Muguruzarentzat izan behar duela, "hainbeste kantu eman dizkigu, hainbeste melodia, hainbeste pentsamendu, hainbeste arte. Gugan jarraitzen duelako forma askotan. Musikari batzuk ez dira desagertzen. Bere kantuetan Iñigo dago eta bere kantuak gugan daudelako. Gaztearen 30. urteurren honetan, gure hasiera Iñigoren ekarpenik gabe ulergaitza litzateke. Hainbeste eman digunari, zerbait itzuli nahiko genioke".

Musika ibilbide oparoa

1964ean Irunen jaioa, musikari lotutako familia batean hazi zen Iñigo, Fermin eta Jabier Muguruzaren anai gaztea. 14 urte baino ez zituela abiatu zuen lehen proiektu musikala: Desband. Handik urte batzuetara iritsi zen Kortatu taldea, Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin batera. Estudioko hiru disko eta zuzeneko beste bat atzean utzita, Kortatu deseginda, Nikaraguan ibili zen Iñigo Muguruza denbora batean.

Handik bueltan, Euskal Herriko erreferente bilakatu zen Negu Gorriaken garaia iritsi zen. Aldi berean, Delirium Tremensen ere ibili zen Muguruza, bi proiektuak uztartuz. Negu Gorriakek 1996an amaitu zuen bere ibilbidea. Salam, agur izan zen taldearen azken lana. Alabaina, 2001ean, agur esateko kontzertu bat eman zuten Baionan eta beste bat Donostian.

Negu Gorriaken agurra iritsi baino lehen, Iñigok Joxe Ripiau taldea sortu zuen, Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin batera, karibetar eta latindar erritmoekin gozatzeko. Joxe Ripiauren ostean, Sagarroi (2000), Lurra (2013-2017) eta Hiru Leike (bere azken taldea) iritsi ziren. Proiektu horien bidez, Iñigo bide berrietan murgildu zen, Kortatu edo Negu Gorriakeko gitarra zirikatzaileetatik aldenduta.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean