EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

00:05

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Kanpainaren hasiera

U12: COVID-19ak baldintzatutako hauteskunde-kanpaina, abian gaur gauean

Agentziak | Erredakzioa

EAJk Gernikan hasiko du, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP-Ciudadanos koalizioak Gasteizen, PSE-EEk Bilbon, eta Equo Berdeakek Gasteizen.

  • Euskal alderdiek arratsalde-gauean ekingo diote kanpainari

    Euskal alderdiek arratsalde-gauean ekingo diote kanpainari. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskal alderdiek arratsalde-gauean ekingo diote uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpainari. COVID-19ak baldintzatuko ditu ondorengo 15 egunak; izan ere, alderdiek inoiz ez bezalako kanpaina egin beharko dute, segurtasun-neurri guztiak kontuan izanik. EAJ Gernikan abiatuko da; EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Ciudadanos koalizioak, Gasteizen; PSE-EE, Bilbon,;eta Equo Berdeak, Gasteizen.

Beraz, gaur hasiko da kanpaina, ofizialki. Hasiera batean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean ziren egitekoak; COVID-19aren pandemiagatik, baina, hauteskunde-deialdi hori bertan behera utzi behar izan zuten, Euskal Autonomia Erkidegoko historian lehen aldiz. Azkenean, EAEko herritarrek uztailaren 12an dute hitzordua, Legebiltzarreko 75 ordezkariak hautatzeko.

Hain zuzen ere, 1.788.602 herritar daude hautesle-erroldan, eta XII. Legegintzaldiko legebiltzarkideak hautatuko dituzte. Alderdiek, gehienez, 1,6 milioi euro gastatu ahalko dituzte kanpainan.

Koronabirusak eragindako krisiaren irteera jomugan, euskal alderdiek ezohiko testuinguruan egingo dute hauteskunde-kanpaina hau. Pandemiak behera egin du, baina alderdiek gaixotasunaren bizikide izan beharko dute, nahitaez. Ekitaldien edukia eta garapena baldintzatuko ditu gaitzak: mitinetan jende-kopurua murriztu beharko dute, eta, hainbat aldiz, telematikoak izango dira. Segurtasun-neurriak izango dira, parte-hartzaileek maskarak erabili beharko dituzte, eta segurtasun-tarteari eutsi beharko zaio.

EAEko herritarrak, hasiera batean, apirilaren 5erako deitu zituzten. Argazkia: EFE.

Hasiera-ekitaldiak

Oraingoan, EAJk ez du Gasteizen hasiko kanpaina, ohikoa denez, baizik eta Gernikako Batzar Etxean; izan ere, hori da, EAJren iritziz, "euskal autogobernuko jatorrizko egoitza".

'Euskadi Zutik. Aterako gara!' goiburupean, jeltzaleek 21:00etan emango diote hasiera kanpaina abiatzeko ekitaldiari. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak izango dira bertan (Iñigo Urkullu lehendakari eta lehendakarigaia, Leixuri Arrizabalaga, eta Bakartxo Tejeria, hurrenez hurren), eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea ere arituko da.

COVID-19ak alderdien ekitaldien edukia eta garapena baldintzatuko ditu

EH Bilduk Gasteizko Plaza Berrian hasiko du hauteskunde-kanpaina, lehen mitin ofizialarekin, 20:00etan. 'Erantzun berrien garaia da. Egiteko Prest' du goiburu EH Bilduk.

Ekitaldian, Maddalen Iriarte lehendakarigaiak, Mikel Otero Arabako zerrendaburuak eta Arnaldo Otegi koordinatzaileak hartuko dute parte.

Elkarrekin Podemos-IUk ere, Gasteizen hasiko du kanpaina, 18:30ean, Europa Jauregian egitekoa den ekitaldi batekin. Miren Gorrotxategi lehendakarigaia eta gainerako hautagaiak ere izango dira bertan.

Ezkerreko koalizioak ondorengo goiburua aukeratu du, hauteskunde-kanpainarako: 'Gobernatzeko prest'.

PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioaren goiburua 'Etorkizunerako plana' da. Koalizioak Gasteizen egingo du kanpainaren lehen ekitaldia, 19:00etan, Ciudad de Vitoria hotelean. Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak eta PPko eta Ciudadanoseko beste hautagai batzuek parte hartuko dute.

Eguerdian, Pablo Casado PPko presidentea, Iturgaizekin batera, Errenterian egongo da; Manuel Zamarreño ETAk eraildako PPko zinegotziari omenaldia egingo diote bertan.

PSE-EEk Bilbon abiatuko du kanpaina, 19:30ean, Areatzan. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak herritarren babesa eskatuko du, 'Erantzunak' goiburupean.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak Mendia babestuko du. Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko liderra ere izango da, kanpainan zehar, EAEn; igandean, esaterako, Donostian egongo da.

Equo Berdeakek Gasteizen hasiko du hauteskunde-kanpaina, bere lehen ekitaldiarekin. San Martin parkeko anfiteatroan egingo dute, 19:30ean. 'Bozka Aldatu, Euskadi Hobetu' goiburua hautatu dute, eta Jose Ramon Becerra da Equo Berdeakeko lehendakarigaia.

Zure interesekoa izan daiteke: kontsultatu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaitzak

Posta bidezko botoa, protagonista

Koronabirusaren pandemia tarteko, milaka hauteslek nahiago izan dute botoa posta bidez eman. Hain zuzen ere, asteartean argitaratutako datuen arabera, uztailaren 12rako postaz bozkatzeko eskaerak aurrekoetan baino ia 5 aldiz gehiago dira, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, eskaera egiteko epea hasi zenetik hilabete bete denean.

Maiatzaren 19an hauteskundeak deitu eta posta bidezko botoa eskatzeko epea ireki zenetik, 84.581 hauteslek eskatu dute botoa, eta 17.778 hauteslek eskatu zuten duela lau urte.

COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko osasun-egoeragatik, aldaketak daude posta bidezko botoan, hori emateko hiru epeetan; eskaera egiteko epean, agiriak jasotzeko epean eta botoa emateko epean, hain zuzen.

Posta bidezko botoa eskatzeko epea uztailaren 2ra arte egongo da zabalik. Hautesle Erroldaren Bulegoa astelehenean hasi da bidaltzen eskatzaileei posta bidezko botoa egin ahal izateko behar den dokumentazioa. Uztailaren 5era arte jarraituko du hori egiten.

Nola bozkatuko dugu uztailaren 12an?

Uztailaren 12an, hauteskunde-egunean, pandemiak eragin nabarmena izango du bozketa-zentroetan. EAEn, 761 hautesleku izango dira, aurreko hauteskundeetan baino 41 gehiago, eta 100 beste kokapen batzuetan egongo dira. Hauteskunde-mahaietako kideek maskara kirurgikoa eraman beharko dute hauteskunde-egun osoan, eta ez dute eskuekin ukitu beharrik izango ez nortasun agiria, ez bozketarako gutun-azala.

Gainera, botoen zenbaketan FFP2 maskarak eta nitrilozko eskularruak izango dituzte.

Zure interesekoa izan daiteke: uztailaren 12ra iristeko hauteskunde-egutegia

EiTB Focus: EAJk 32 eserleku lortuko lituzke

Hogeita bigarren EiTB Focusen arabera (asteazken honetan argitaratu dituzte EiTB Taldeko hauteskunde-inkestaren emaitzak), EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 32 eserleku lortuta, emaitza historikoarekin irabazi ere (1984tik lortutako onena), EH Bilduren eta PSE-EEren aurretik, nahiz eta horiek ere ordezkari kopuruan gora egin.

EiTB Focusen arabera, honela banatuko lirateke Legebiltzarreko eserlekuak.

EAJk 2016an baino lau eserleku gehiago eskuratuko lituzke, guztira 32, eta 1984an lortu zuen emaitza onena berdinduko luke. EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke, Gipuzkoan beste ordezkari bat erdietsita. PSE-EE Eusko Legebiltzarreko hirugarren indarra izatera pasatuko litzateke, 11 legebiltzarkiderekin.

Elkarrekin Podemos–IUk ez luke beherakada gelditzea lortuko, eta hiru eserleku galduko lituzke. PPk, berriz, Espainiako eskuindarren historiako emaitza kaskarrena lortuko luke Ciudadanosekin koalizioan. Voxek eta Equo Berdeakek ez lukete ordezkaririk lortuko.

Aurreikuspenen arabera, parte-hartzea % 61ekoa izango da.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena