EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Prentsaurrekoa Bilbon
'Espainiako sistema ustelarekiko loturak hausteko' eskatu du EH Bilduk
Datorren urriaren 13an Barakaldoko BEC-en izango den "ekitaldi nazional handian" independentzia eskatzeko deia egin du koalizioak. Egun berean Rajoy izango da Bilbon.
Erredakzioa
Laura Mintegi Bilduko lehendakarigaiak Euskadi independente izan beharraren alde egin du. Halaber, "Espainiako sistema ustelarekin loturak hausteko" eskatu du. Hori dela eta, datorren urriaren 13an Barakaldon, BECen, izango den "ekitaldi politiko handian Euskadi Europako estatu libre gisa aldarrikatzeko" deia egin die "euskaldun ezkertiar eta abertzaleei". Egun berean Mariano Rajoy Bilbon izango da.
Bilbon izandako prentsaurrekoan hautagaiak azaldu duenez, "esparru subiranoa eraikitzeko premiazko beharra du Euskadik, gure politika ekonomikoak eta sozialak garatzeko beharrezko tresnak lortu ahal izateko". "Subiranotasunetik abiatuta bakarrik zuzendu ahalko ditugu gure politikak benetako justizia sozial batera", azpimarratu du Mintegik.
"Benetan arriskutsua dena Espainiako sistema ustel baten menpean geratzea da, elite politiko eta sozial baten interesak bermatzeko, herrialde oso baten eskubideak eta askatasunak sakrifikatzen ari direlako", salatu du EH Bilduko lehendakarigaiak.
Ondorioz, datorren urriaren 13an Barakaldoko BEC-en izango den "ekitaldi politiko handia Euskal Herriko herritarren esparru zabala eta anitza" bihurtzea du helburu. Bertan, koalizioak independentzia aldarrikatuko du. Halaber, Euskadik "Europako estatu askea" izan nahi duela "argi eta garbi" esango die "entzun nahi ez dutenei eta Konstituzioaren izenean gure eskubideak bahitzen dituztenei".