Hauteskunde Orokorrak -
Azken eztabaida
Alderdi-bitasunaren azken arnasa eztabaida oso zakar batean
Sanchezek eta Rajoyk gezurretan aritzea leporatu diote elkarri behin eta berriro, eta 'doilor', 'zeken' eta 'ziztrin' deitu diote elkarri.
EFE
Mariano Rajoyren eta Pedro Sanchezen arteko aurrez aurreko azken eztabaidaren plater nagusietako bat ustelkeria izatea espero zen, baina azkenean arreta guztia bereganatu du. Telebistako Akademiak antolatutako eztabaida oso zakarra izan da.
Gezurretan aritzea leporatu diote elkarri behin eta berriro, eta, besteak beste, “doilor”, “zeken” eta “ziztrin” deitu diote elkarri. Era berean, “zintzoa” eta “ondradua” ez izatea egotzi diote elkarri.
Eztabaida hasi eta berehala egin dio lehen erasoa PSOEko presidentegaiak Rajoyri. Rodrigo Rato alderdikidearen ibilerak gogorarazi dizkio Sanchezek Exekutiboko buruzagiari, eta baita Luis Barcenasi esandako “izan hadi indartsua” ospetsua ere.
Ordubete baino gehiago iraun duen aurrez aurrekoan, Gobernuko presidentea entzungor egiten saiatu da, eta bere hitzaldiak susperraldi ekonomikoa eta enplegua izan ditu ardatz. Keinu handirik gabeko tonu diskretuan, Rajoyk elkarrizketa monopolizatu du. Horregatik, Sanchezek behin eta berriz eten du.
Sanchez: "Gobernuko presidenteak pertsona zintzoa izan behar du, eta zu ez zara halakoa"
Eztabaida arrunta izan da PSOEko buruzagiak Rajoyri gogor eraso dion arte.
Lehenik, Barcenas auzia azaldu zenean dimisioa eman ez izana aurpegiratu dio buruzagi sozialistak Exekutiboko presidenteari, nahiz eta demokraziarentzako eta erakundeentzako kostu ikaragarria izan, eta Rajoy bere onetik atera duen esaldi batekin bukatu du: “Gobernuko presidenteak pertsona zintzoa izan behar du, eta zu ez zara halakoa”.
PPko presidentegaiak ezin izan du gehiago jasan, eta Sanchezen hitzaldi iraingarria esaldi batekin gelditu du: “honaino heldu gara”, “hori ez dut onartuko”.
Rajoy: "Zu ez zara politikari zintzoa"
Une horretatik aurrera, purrustadak bata bestearen atzetik etorri dira. Aurkaria “doilorra, zekena, ziztrina eta ahula” dela adierazi du Rajoyk dozena bat aldiz ia, haserre eta atzamarrarekin seinalatuz.
“Zu ez zara politikari zintzoa”, aurpegiratu dio berriro Rajoyk Sanchezi. PSOEko agintariaren hitzetan, bere eta Rajoyren arteko aldea da, bera “politikari garbia” dela. Bera ere ondradua dela erantzun dio Gobernuko presidenteak. Historian izendapen batekin hanka sartu duen pertsona bakarra ez dela esan du Rajoyk.
“Eta zu gehiago” behin eta berriro errepikatu dute gainerako eztabaidagaietan, baina lasaiago.