Hauteskunde Orokorrak -
Gobernu-itunen inguruan
Sanchezek egonkortasunaren alde egitea espero du Eusko Jaurlaritzak
Gainera, aurreko Gobernuarekin hitzartutako akordioei eustea espero dutela azpimarratu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak espero du Espainiako Gobernuak "era garbian egonkortasunaren alde" egitea, eta aurreko Gobernuarekin hitzartutako akordioei eustea.
Matxitxakoko bataila gogoratzeko eta Gerra Zibilean frankisten aurka borroka egin zuen Euzkadiko Itsas Armada omentzeko ekitaldia egin dute igande honetan Bermeon, eta han mintzatu da Erkoreka.
Bilera-sortari ekingo dio astelehen honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak, PPko, Ciudadanoseko eta Unidas Podemoseko buruzagiekin eta, horren harira, Erkorekak esan du "jokaera logikoa" dela, PSOEk ez baitu "gehiengo osoa Kongresuan eta, ondorioz, eztabaidan oinarritu beharko du bere jarrera".
"Eusko Jaurlaritzatik espero dugu Sanchezek era garbian egonkortasunaren alde egitea, politikan balore positiboa baita, eta hizketakide gisa hobe da egonkor bat izatea, lantzean behin aldatzen doazen beste bat baino", adierazi du Erkorekak.
Gainera, aurreko Gobernuarekin hitzartutako akordioei eustea espero duela nabarmendu du, hau da, "euskal autogobernua, transferitu gabeko eskumenak eta Gernikako Estatutua osorik betetzea".