Hauteskunde Orokorrak Espainian 2019: A10ari buruzko azken orduko albisteak | EITB Hauteskundeak

Hauteskunde Orokorrak A10

20:03

Hauteskunde Orokorrak A10

Kanpainaren 2. eguna

EH Bilduk ohartarazi du Sanchezek PPren abstentzioa bilatuko duela

agentziak

EAJ 7. diputatuaren bila, PSE-EEk Sanchez bota nahi izatea leporatu die alderdiei, Elkarrekin Podemosek esan du 'PSOE-PP koalizio handiaren' aurkako aukera dela, eta PPk AHTren iritsiera hitzeman du.

0:59
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan du Kongresuan zazpigarren diputatua lortzeko helburua dutela hauteskunde orokorretan, eta postu hori Jon Aiarzarentzat izango litzatekeela, "euskal historiaren jakitun handiarentzat". Aiarzari etxeko-lanak jarri dizkio, gainera, irakats diezaiela Albert Rivera Ciudadanosen buruari eta Voxi euskal foruak Konstituzioa baino lehenagokoak direla eta "eskubidea" direla, "pribilegioa bainoago".

Abascalen alderdiari gogorarazi dio EAJk "demokraziaren zerbitzura 125 urte" daramala: "Haiek lau urte daramate demokrazian, eta 40 faxismoan, diktaduran, zapalkuntzan, eta mugitu dutenaren (Francori erreferentzia eginez) oinordekoak dira".

EAJk kanpainako lehenengo ekitaldi handia egin du Barakaldoko Herriko Plazan, eta bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua. Ortuzarrek mobilizaziorako deia egin die herritarrei, eta botoak "harrien azpitik ere" ateratzen saiatuko direla esan du.

Buruzagi jeltzaleak gogorarazi du kanpaina bere alderdiaren borondatearen kontra egingo dela, baina ohartarazi du azaroaren 10eko "arazo nagusia" ez direla "gainerako alderdiak izango, baizik eta abstentzioa, alferkeria, protesta egiteagatik edo etsipenagatik botoa ematera ez joatea".

Horregatik, "abstentziorik eta etsipenik ez" egoteko eta botoa EAJri emateko eskatu du, "fundamentuzko botoa, serioa eta fidagarria" delako, "hautagaitza sendoekin, eta Euskadin eta Madrilen irabazteko programa batekin".

PSE-EE

Patxi Lopez Kongresurako PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak uste du gainerako alderdi politikoen helburua "Pedro Sanchez botatzea" dela, eta salatu du eskuindarrak "zikintzen eta kanpaina faltsuak eta onartezinak" egiten ari direla "boto-emaile ezkertiarrak" etxean gera daitezen.

Gainera, Pablo Iglesiasi eta Unidas Podemosi "nahita gezurretan" aritzea leporatu die, "Pedro Sanchezen helburua PPrekin ituna egitea eta eskuindarren politikak aurrera eramatea" dela esaten dutelako.

Lopezen iritziz, PPren eta Ciudadanosen "helburua" gobernu sozialistak "galaraztea" eta "trifatxitoa martxan jartzea" da, PSOEk irabazi duen erkidegoetan gertatu den moduan.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak, bere aldetik, "Voxen politiken liburua erosi" izana egotzi die PPri eta Ciudadanosi, eta eskuindarrek gehiengoa izateko aukeren errua "sozialismoari aurre egin nahian" dabiltzanei egotzi die.

Mendiak, Barakaldon egin duten ekitaldian, adierazi duenez, "kezkagarria ez da Voxen hazkundea soilik", "beste alderdi politiko batzuk horien ideiekin kutsatzen ari direla" baizik.

Elkarrekin Podemos

Pilar Garrido Kongresurako Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako hautagaiak esan du "aurrerakoien eta abertzaleen botoak Elkarrekin Podemosen pilatuta" soilik "geldiaraziko" dutela "PSOE-PP koalizio handiaren mehatxu zentralizatzaile eta neoliberala".

Errenterian egindako hauteskunde ekitaldian, Garridok esan du Elkarrekin Podemos dela "gobernuan egon daitekeen euskal alderdi bakarra".

Gainera, azaroaren 10eko hauteskundeen bi aukera soilik daudela azpimarratu du: "Politika eskuindarrak egingo dituen gobernu bat, merkatu neoliberaleko politika ekonomikoa, eta zentralizazioa bilatuko duena; eta beste alde batetik, gobernu bat Unidas Podemosekin, gehiengo sozialaren interesak defendatzen dituena, iristear den krisiaren aurrean herritarrak babestuko dituena, goikoen pribilegioak murriztuko dituena, euskal autogobernua defendatuko duena, eta krisi klimatikoaren aurka benetan borroka egingo duena".

Horren harira, ohartarazi du "aurrerakoien eta abertzaleen botoak Elkarrekin Podemosen pilatzen ez badira PSOE-PP ituna" egingo dutela, "Sanchezek behin eta berriz ukatzen duen arren", "promesa estrategikoak urratzen ikusi baitugu gehiegitan".

"Koalizio handi neoliberal eta zentralizatzailea galaraztea gure esku dago, koalizio gisa, edo inbestidurarako ituna eginda", azaldu du.

EH Bildu

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak gaur Bilbon adierazi duenez, baliteke Pedro Sanchezek PPrekin Gobernua ez egitea, baina inbestidura aurrera ateratzeko popularren abstentzioa "ordaindu" egingo du.

"Sanchezek irabaziz gero, inbestidura PPren abstentzioarekin egingo du, ez du koalizio bat egingo, baina inbestidura bai, eta ordainduko duen prezioa Kataluniaren eta independentismoaren aurkako egur gehiago, langileen eskubide sozialen murrizketa gehiago, eta Estatuko nazio guztien eskubideen murrizketa gehiago izango da. Hori izango da prezioa, eta badakigu", berretsi du Otegik.

Buruzagi abertzaleak esan du Estatuko ezkertiar subiranista guztiak daudela PSOEri laguntzeko prest "gauzak beste era batean" egin nahi baditu, baina "Borboien erregimena blindatzea" lehenetsiko duela iritzi dio. "Parean izango gaitu", ohartarazi du.

Otegik kritikatu egin du EAJk harrotasuna agertzea Kongresuan 101 urte daramalako, EH Bildu "behin behinean" baitago bertan. "Madrilera joaten gara, etorkizunean gehiago ez joateko, egunen batean gure ahotsa enbaxadaren bitartez iristeko Madrilera", gaineratu du.

PP

Bea Fanjul Kongresurako PPren Bizkaiko zerrendaburuak esan du EAJ dela "ezegonkortasun politikoaren eta AHTren iritsieraren "atzerapen lotsagarriaren errudun nagusia".

Bilbon egindako hauteskunde ekitaldian, Raquel Gonzalez Senaturako hautagaiarekin batera, Fanjulek esan du "nazionalistek" ez dutela "sekula Espainiako gainerako lurraldeekin lotuta egon nahi izan".

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena