AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Bitxikeriak

AEBetako alderdi txikiak: Zeinek dute influentzia handiena?

AEBetako sistema politikoaren adierazgarri nagusietako bat alderdi-bitasuna da. Hala eta guztiz ere, gutxiengoen alderdiak herrialdeko hirugarren indar politikoa izateko borrokatzen dira.

Jill Stein, Alderdi Berdearen hautagaia. Argazkia: jillstein.org
Jill Stein, Alderdi Berdearen hautagaia. Argazkia: jillstein.org
Jill Stein, Alderdi Berdearen hautagaia. Argazkia: jillstein.org

N. GONZALEZ

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi-bitasuna

Ez da ohikoa hautagai demokrataren edo errepublikanoaren arteko lehian alderdi txiki batek influentzia izatea, zenbait arrazoirengatik: ez dute hedabideen arretarik jasotzen, ez dute telebistako eztabaidetan parte hartzen eta hauteskunde-kanpainaren euren aurrekontua demokratek eta errepublikanoek erabiltzen dituztenetatik oso urrun dago. Hala ere, aldaketaren alde apustu egiten dute.

Alderdi Berdea (Presidentetzarako hautagaia: Jill Stein)

Azaroko hauteskundeetara begira, sorpresa emateko konfiantza du Alderdi Berdeak. Jill Stein (62 urte) hautagaia aukeratu du alderdiak. Alderdi Berdearen helburua hautagai demokrata eta errepublikanoari zenbait ordezkari eta boto "lapurtzea" da. 2000.urtean, botoen % 3 lortu zituen alderdiak, eta George Bushenen garaipenaren giltza izan zuten.

AEBetako gizartea krisitik ateratzeko eta etorkizun ziur eta berde batean murgiltzeko, The Green New Deal idatziaren alde egin du Alderdi Berdeak. Jill Steinen eta bere taldearen proposamena 1930ko New Deal-en inspiratuta dago ("depresio handia" gainditzeko gakoa izan zen akordio hori). Gainera marihuanaren kontsumoa legeztatzea eta finantza-transakzioen gainean zergak ezartzea eta zerga horietatik lortutako diruarekin doako osasun zerbitzuak eta hezkuntza finantzatzea proposatzen du, besteak beste, Alderdi Berdeak.

"Langabezia eta AEBen zorra amaitzeko unea da. Ekonomia berderako trantsizioa egiteko unea da", adierazten du alderdiak webgunean. Alderdi Berdea, gutxienez, 30 estatutako boto-txarteletan egongo da.

Alderdi Libertarioa (Presidentetzarako hautagaia: Gary Johnson)

Gary Johnsonek Alderdi Libertarioaren hautagaiak 59 urte ditu. "Gobernu minimoa, askatasun maximoa" da alderdiaren filosofia. 1995-2003 bitartean, Mexiko Berriko gobernadorea izan zen Johnson.

1980an lortu zuen Alderdi Libertarioak bere historiako emaitzarik onena: botoen % 1,1 lortu zituen. 2013an, aurrekontu federala orekatzeko helburuarekin Gobernuaren gastuak murriztearen alde apustu egiten du Johnsonek. Gainera, droga trafikoa bukatzea nahi du, eta marihuana legeztatzearen alde egiten du Johnsonek.

Ekonomia arloan ideologia ultraliberalaren alde egiten du Johnsonek, baina gatazka sozialetan neurri aurrerakoiagoen alde agertzen da.

Alderdi Libertarioaren ordezkari izendatu baino lehen, Alderdi Errepublikanoaren hauteskunde primarioetarako hautagaitza aurkeztu zuen Gary Johnsonek. Hala ere, babes maila txikia zuela ikusita, hautagaitzaren alde borrokatzeari uko egin zion. Orain, modu independentean eta Alderdi Libertarioa ordezkari bezala parte hartuko du AEBko Presidentetzarako hauteskundeetan.

Konstituzioaren Alderdia (Presidentetzarako hautagaia: Virgil Goode)

1997tik 2009ra bitartean, Virgil Goode (65 urte) Ordezkarien Ganberaren kide izan zen. Konstituzioaren Alderdiak neurri kontserbadoreak bultzatzen ditu. Legez kanpoko immigrazioaren kontra gogor borrokatu dela adierazi du Gooodek, eta AEBetako langabezia-tasa % 5 baino altuagoa denean agiri berdeari esker herrialdera lan bila joaten direnen kopurua murriztuko duela adierazi du. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren eta abortuaren kontrakoa da Goode. Barack Obamak bultzatutako osasun-erreforma ez du babesten.

Hauteskundeetara independente gisa aurkeztu aurretik, Gary Johnson (Alderdi Libertarioa) eta Virgil Goode (Konstituzioaren Alderdia) Alderdi Errepublikanoko kideak ziren. Mitt Romney errepublikano moderatua da, eta Alderdi Errepublikanoko kide askoren ustez kontserbadoreagoa izan beharko litzateke (influentzia nabarmena izan du horrek Paul Ryan presidenteordetzarako hautagai izendatzerako orduan). Hori dela eta, baliteke alderdi txikiek herritar oso kontserbadoreen botoa lortzea; adibidez, abortu, osasun eta immigrazioaren inguruan neurri zorrotzagoak nahi dituzten horien botoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea