AEB-ko Hauteskundeak -

Eztabaida

Obama Romney baino hobeto aritu da aurrez aurreko gogor batean

Inkestek AEBetako presidenteari eman diote garaipena bigarren hauteskunde-eztabaidan.

Romney eta Obama, bigarren hauteskunde-eztabaidan. Argazkia: Efe
Romney eta Obama, bigarren hauteskunde-eztabaidan.
Obama berpiztu egin da bigarren eztabaidan

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentea aurreko eztabaidan baino erasokorrago ibili da Mitt Romney hautagai errepublikanoaren kontra. Obama erasokor eta Romney defentsiban, aurrez aurreko gogorra izan da eta momentu batzuetan eztabaida berotu egin da politika energetikoari, ekonomikoari eta sozialari buruz aritu direnean.

Lehenengo inkestek Obamari ematen diote garaipena. CNNren inkestaren arabera, herritarren % 46k hautagai demokratari ematen diote garaipena, eta % 39k errepublikanoari. CBSren inkestan ere Obama da garaile, % 37 % 30en kontra.

Urriaren 3ko lehenengo eztabaidan gertatu zen moduan, AEBetako presidentegaiak alor ekonomikora mugatu dira, zerga eta enplegu politiketara batez ere, izan ere, boto-emaile estatubatuarren kezka nagusiak horiek omen dira.

Obamak ohartarazi du Romneyk klase ertainaren zergak igoko dituela eta altuarenak jaitsi. "Gobernadoreak dio bost puntuko plan bat duela, baina puntu bakarreko egitasmoa du, maila gorenean daudenei arau desberdinekin jokatzea bermatzeko. Hori izan da eta da bere filosofia", azpimarratu du Obamak.

Horren harira, Romneyk proposatzen duen erreforma fiskalak sei bilioi dolarreko kostua izango duela eta gainera beste bi bilioi dolar "Armadak eskatu ez dituen" programa nuklearretara bideratuko dituela azaldu du.

Horri erantzute aldera, gobernadore ohiak honakoa erantzun dio: "Inola ere ez ditut klase altuaren zergak igoko eta ez ditut klase ertainaren zergak igoko".

Langabeziari dagokionez, Romneyk langabeziaren gorakada kritikatu du, azken lau urteetan % 10,7ra iritsi delako. "Egun jende gutxiago dago lanean presidentea agintera heldu zenean baino; beraz, argi dago ez ditugula beharrezko neurriak hartu", adierazi du Romneyk, 12 milioi lanpostu sortuko dituela hitzeman aurretik.

Obamak erantzun dio azken 30 hilabeteetan bost milioi lanpostu sortu direla eta "gehiago" nahi dituela. Bestalde, "Detroit (AEBetako automobilgintzaren erdigunea) porrot egiten utzi" nahi izatea leporatu dio Romneyri.

Orduan, Romneyk ez du protokoloa errespetatu eta Obamaren gainetik hitz egiten hasi da: "Enpresak indartu egin behar direla esan nahi nuen. Enpresen porrota enpresak indartzeko prozedura bat izan daiteke, beharrezkoa kasu batzuetan". "Ez da egia, laguntzarik eman gabe porrot egitea nahi zenuen", erantzun dio Obamak.

Politika energetikoa

Gasolinaren prezioari buruzko galdera baten harira, bi presidentegaiak eredu energetikoaren inguruko eztabaida bizi batean murgildu dira. Obamak eredu mistoa defendatu du eta Romneyk tradizionala. Hala ere, bat egin dute helburua AEBen independentzia energetikoa dela esatean.

"Handitu egin dugu petrolio, gas natural eta ikatz ekoizpena, baina ezin ditugu energia iturri tradizionalak soilik erabili, etorkizunera begiratu behar dugu", adierazi du hautagai demokratak. "Energia eraginkorragoa lortu behar dugu, horrela eskaria txikitu eta prezioak murriztu ahal izango dugulako", gaineratu du Obamak.

Romneyk, ordea, lur-sail publikoen ustiapenerako baimenak errefusatuz Obamak petrolio, gas natural eta ikatz ekoizpena murriztu duela salatu du. "Ez dugu nahi baliabide naturalak aprobetxatzea galaraziko digun presidenterik", azpimarratu du Romneyk.

"Energia alternatiboetan lan egin nahi dugu, baina petrolioaren, gas naturalaren eta ikatzaren ekoizpenari eutsita", gaineratu du.

Obamak, hala ere, gezurretan aritzea leporatu dio gobernadore ohiari. "Esaten ari dena ez da egia. Aurreko gobernuak baino lur-sail publiko gehiago zulatu ditugu eta gas naturala agertzen ari da", erantzun dio Obamak hautagai errepublikanoari.

Hirugarren eta azken hauteskunde-eztabaida astelehenean izango da, Floridan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea