Udal eta Foru Hauteskundeak -
Kanpaina
Euskal alderdiek gaur arratsaldean abiatuko dute kanpaina
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk Gasteizen emango diote hasiera; PPk eta Irabazik, Bilbon, eta Ahal Duguk, Barakaldon.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
EAEko alderdiek ostegun honetan emango diote hasiera maiatzaren 24ko foru eta udal hauteskundeetako kanpainari.
EAJk Gasteizen egingo du irekiera ekitaldia, 20:45ean, Andre Maria Zuriaren Plazan. Besteak beste, hauek egongo dira bertan: Iñigo Urkullu lehendakaria, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Gorka Urtaran Gasteizko alkategaia eta Ramiro Gonzalez Arabako Aldundirako hautagaia. Juan Mari Aburto Bilboko alkategaiak, Unai Rementeria Bizkaiko Aldundirako hautagaiak, Eneko Goia Donostiako alkategaiak eta Markel Olano Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak satelite bidez hartuko dute parte.
EH Bilduk ere Gasteizen abiatuko du kanpaina. Ekitaldia 20:00etan egingo dute, Aihotz Plazan. Koalizioa osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak izango dira bertan; tartean, Kike Fernandez de Pinedo Aldundirako hautagaia eta Miren Larrion alkategaia.
Ordu horretan bertan, PSE-EEk ekitaldia egingo du Arabako hiriburuko Canciller Ayala hotelean. Idoia Mendia idazkari nagusiak eta Cristina Gonzalez eta Peio Lopez de Munain hautagaiek hitz egingo dute.
UPyDk prentsaurreko batekin emango dio hasiera kanpainari. Gasteizko egoitza nagusian eskainiko du, 19:00etan. Gorka Maneiro legebiltzarkideak eta Nico Gutierrez eta Ignacio Oñate hautagaiek egingo dute agerraldia.
PP Bilbon izango da, Hesperia hotelean hain zuzen ere, 20:00etan. Ondokoek hartuko dute parte: Arantza Quiroga presidentea, Nerea Llanos idazkari nagusia, Laura Garrido bozeramailea, Javier Ruiz Bizkaiko Aldundirako hautagaia eta Luis Egiluz Bilboko alkategaia.
Ahal Dugu Euskadi alderdiak aurreneko aldiz aurkeztuko du foru hauteskundeetarako hautagaitza. Lehen ekitaldia Barakaldoko Herriko Plazan egingo dute, 18:00etan. Bertan, herritarrek hautagaiekin hitz egiteko aukera izango dute.
Azkenik, Irabazi koalizioak (Ezker Anitza-IU, Equo, Alternativa Republicana eta independenteak) Atxuriko (Bilbo) Enkarnazio Plazan egingo du ekitaldia, 20:00etan.
NAFARROA
Foru erkidegoan, udal hauteskundeak ez ezik, Parlamenturakoak ere egingo dituzte. Alderdi guztiek Iruñean emango diote hasiera kanpainari.
Horren ildotik, UPNk 22:00etan abiatuko du kanpaina, Baluarte Plazan. Javier Esparza presidentegaia, Enrique Maya alkategaia eta Yolanda Barcina alderdiko burua izango dira bertan.
Maria Chivite PSNko zerrendaburuak ekitaldia egingo du 20:00etan, alderdi sozialistak Nafarroan duen egoitza nagusian.
EH Bilduren kanpaina 19:00etan hasiko da, Udaletxe Plazan.
Geroa Baik bere egoitzan egingo du ekitaldia, 19:00etan.
Izquierda-Ezkerra Gaztelu Plazan izango da, 19:30ean.
Ahal Duguk kartelak jarriko ditu Sarasate Pasealekuan, 19:00etan.
PPNk Karlos III.a Etorbidean hasiko du kanpaina, Ana Beltran eta Pablo Zalba hautagaiekin. 20:00etan izango da.