Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Otegi: 'EH Bilduren olatua geldiarazteko, PP eta Ciudadanosen botoen bila dabil EAJ'
Urkulluk Gorka Urtaranen aldeko botoa eskatu du; EAJ eta PSEren eredua agortuta dagoela dio Elkarrekin Podemosek; PSEk indarkeria matxista izan du hizpide; eta PPk, langabezia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Iñigo Urkullu lehendakaria Gasteizen izan da arratsaldean, eta Gorka Urtaranen alde bozkatu dezatela eskatu die gazteei, “hiriari buelta eman dion alkate gaztea delako eta Gasteiz Europako super hiria bilakatzeko proiektu daukalako”.
Lehendakariak Urtaran alkategaia, Ramiro Gonzalez Arabako zerrendaburua eta Izaskun Bilbao eurodiputatua izan ditu ondoan.
“Gasteiz bezala”, Urtaran alkate “gaztea” dela eta “oraindik hazten” ari dela azpimarratu du Urkulluk.
“Badakigu oztopoak gainditu behar izan dituzula eta oposiziotik arazoak jarri dizkizutela. Badakigu, eta horregatik gehiago estimatzen dugu zure taldearekin egin duzun lana”, adierazi du.
“Gorka Urtaranek buelta eman dio Gasteizi: liskarretik, elkarlanera; zorretik, kudeaketa eraginkorrera; eta inbertsioaren geldialditik, hazkundera”, azpimarratu du. Horrela, bada, lehendakariak Gorka Urtaran babeste deia egin die gazteei.
EH Bildu
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du EAJ “Pablo Casadoren eta Albert Riveraren botoak eskuratu nahian” dabilela, “olatu soberanista, feminista, euskaltzalea eta ezkertiarra geldiarazteko”.
Arratsaldean, EH Bilduk Pasaian egin duen ekitaldian izan da Otegi. Bere hitzartzean, jeltzaleak kritikatu ditu “ezker independentistari irainik egin gabe diskurtsorik ez dutelako”.
“EAJren kanpainetan irainak eta gezurrak ohiko bilakatu dira; giroa nahasi nahi dute, gezurrak esan eta komunikabide publikoak beren zerbitzura jarri”, salatu du. Izan ere, Otegiren hitzetan, “EAJrentzat denak balio du boterean jarraitzeko eta bere itzaleko sistema mantentzeko”.
Horrez gain, EH Bilduko buruzagiak gogora ekarri du apirilaren 28ko hauteskunde kanpainan PSOE fidatzekoa ez zela esaten zutela EAJk. Hori dela eta, Otegik udaletxeetan eta foru aldundietan sozialistekin gobernatzeko jarraituko ote duen argitzeko eskatu dio EAJri.
“Fidatzekoak ez diren alderdiekin gobernatzea proposatzen ari da EAJ? Fidatzekoa ez den alderdi baten esku uzten ari dira herritarrengan eragina duten departamentuen kudeaketa?”, galdetu du.
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosek Portugaleten egin du arratsaldeko ekitaldia, eta gazteriari bizkarra ez ematea eskatu du bertan.
Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak esan du bere belaunaldiak “oso barneratuta” dituela “elkartasuna edo feminismoa” bezalako baloreak. “Inork erabiltzen ez duen formula zaharrik ez dugu nahi”, erantsi du.
“Munduari irekia eta elkarrizketa etengaberako prest dagoen Euskadi behar dugu, eta ez soilik bere zilborrari begiratzen dion herria”, adierazi du. Ildo horretan, EAJk eta PSE-EEk egiten duten proposamena “agortuta” dagoela esan du, eta eskaintza horrek “arrakala handiak” sortzen dituela salatu du, “lan munduan, etxebizitza bat lortzerakoan, zerbitzu publikoen kalitatean edota aberastasunaren banaketan”.
Jon Medrano Portugaleteko alkategaiak ere antzeko adierazpenak egin ditu eta proposamen “zaharkitu” horren alternatiba Elkarrekin Podemos dela ziurtatu du. Alderdi Sozialistak Portugalete 40 urtez “kortijo bat” bezala gobernatu duela kritikatu du, legegintzaldi honetan neurri gehien aurkeztu duen alderdi politikoa berea izan dela nabarmenduz.
PSE-EE
Teresa Laespada PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburua Getxon izan da arratsaldean eta indarkeria matxista eta emakumeen eskubideak izan ditu hizpide.
Gizarte-gaietan, Alderdi Sozialistaren lehentasuna indarkeria matxistaren aurkako itun zabala egitea izango da, herritarrekin eta erakundeekin elkarlanean.
“Benetako parekidetasuna lortu behar dugu, Gobernu Kontseiluaren argazkitik harago; foru sozietateetako zuzendaritzetan gizon eta emakume kopuru bera egotea nahi dut”, adierazi du.
Horrez gain, soldata arrakala amaitzeko plan bat abiaraziko duela eta emakumeen lana eta haien balio ikusarazteko neurriak hartuko dituela agindu du. Horretarako emakumeen datu base handi bat egingo duela erantsi du.
PP
Juan Carlos Cano Alderdi Popularraren Gipuzkoako zerrendaburuak Irunen, Lanbideko egoitzaren aurrean, egin du kanpainako ekitaldia arratsaldean eta ondoko proposamena luzatu du: Aldundiaren esku dauden lan-eskaintza publikoetako plazen % 20 45 urtetik gorako langabeei zuzentzea.
Areago, pertsona horien kasuan euskara maila kontutan hartuko ez litzatekeela eta “euskara lanean ikasteko konpromisoa erakustea” nahikoa izango litzatekeela erantsi du.
“Jaurlaritzak Lanbideren kudeaketa bere gain hartu zuenean, asko itxaropentsu agertu ziren, baina porrota izugarria izan da. Jaurlaritza ez da gai izan Lanbideren bidez pertsona langabeei laguntzeko”, kritikatu du.
“Azken boladan, sarritan hitzegiten dugu beharginak eraberritzen eta sektorez aldatzen jakin behar duela, baina zer egiten dugu guk langabeak lana lor dezan?”, galdetu du.