Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Osasun publikoaz eta hezkuntzaz aritu dira alderdiak Nafarroan
Mientras Navarra Suma y Geroa Bai hablan de la salud pública, el PSN presenta su plan para mejorar la educación.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Navarra Suma eskuineko koalizioak minbiziari aurre egiteko plan estrategiko bat landu duela azpimarratu du eta, besteak beste, umetoki-lepoko minbizia antzemateko programa berri bat eta diagnostikoa azkarrago egin ahal izateko ikusmen handiko zirkuituak biltzen dituela esan du. Halaber, azterketak egiteko itxaron beharreko denbora murrizten saiatuko direla erantsi du.
Cristina Ibarrola Parlamenturako hautagaiak azaldu duenez, pazienteei jarraipen espezializatua eta etengabea eskaintzea eta herentziazko minbiziari buruzko unitate bat sortzea aurreikusten du planak.
Geroa Baik ere osasuna izan du hizpide Nafarroako Ospitalean egindako ekitaldian. Koldo Martinez Parlamenturako hautagaiak osasun publikoa, unibertsala, bidezkoa eta pertsonetan oinarrituko dena aldarrikatu du.
Ildo horretan, Nafarroako osasun sisteman lan egiten duten 10.000 profesionalak goraipatu ditu, “haien lanari esker baita gure osasun zerbitzu publikoa Estatuko onenetako bat”. Era berean, Uxue Barkosen Gobernuak sektore horretan egin dituen inbertsioak azpimarratu ditu.
Maria Chivite PSNko presidentegaiak, berriz, hezkuntzari lotutako neurriak azaldu ditu. Inbertsioa handitzea proposatu du, Barne Produktu Gordinaren % 5era iritsi arte, eta, ondorioz, “Nafarroa herrialde aurreratuenen mailara eraman arte”.
Nafarroako Gobernuak azken lau urteotan arlo horretan “atzera” egin duela kritikatu du. “Hezkuntzak plan estrategiko bat behar du, baina ikasleak zentro ezberdinetan orekaz banatzea eta aniztasunari erantzuteko baliabide gehiago jartzea ere”, adierazi du.
Ainhoa Aznarez Podemoseko hautagaiak esan du koalizio morearentzat “nekazaritza guneak lehentasuna” direla, sektore hori gainbeheran dagoela eta arazo horri erantzun bat eman behar zaiola.
Horregatik, hainbat neurri biltzen dituen plan bat iragarri du, “lurraldeen arteko arrakalak eragindako ezberdintasunei aurre egin eta lurraldeen arteko justizia bermatzeko”. “Herrietan bizi diren pertsonek hirietan bizi diren pertsonen beste aukera izan behar dituzte”, azpimarratu du.
Izquierda-Ezkerra koalizioko gazteek auzoetan gero eta apustu-etxe gehiago ireki dituztela salatuta, eta ludopatiari aurre egiteko proposamena aurkeztu du.
Carlos Guzman eta Ruben Ramallo Parlamenturako eta Iruñeko udalerako hautagaiek ohartarazi dute azken urteotan apustu-etxeek publizitatea areagotu dutela, bereziki gazteria erakarri nahian.