Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Nafarroako hautagaiek beren proposamen sozialak eta ekonomikoak azpimarratu dituzte
Menpekotasuna duten pertsonei zuzendutako laguntzak, pentsioak, osasun publikoa edo AHTa izan dira kanpainako gai nagusiak astelehen honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gai ekonomiko eta sozialak azpimarratuta sartu dira alderdi politikoak hauteskunde kanpainako azken astean.
Javier Esparza Navarra Suma koalizioko hautagaiak esan du, presidente izatea lortuz gero, menpekotasuna duten pertsonei zuzendutako laguntzak hobetuko dituela, zahar-etxeen eredua aldatuko duela eta egoitza horiei “txeke zerbitzua” eskainiko diela.
Horrela, menpekotasunari lotutako plan bat egingo duela agindu du, “pertsonei eta zaintzaileei zuzendutako laguntzak areagotzeko eta erresidentzietan nahiz eguneko zentroetan lanpostu gehiago izateko, itxaro-zerrendak murrizteko asmoz”.
Uxue Barkos Nafarroa Baiko presidentegaiak adierazi du Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako eskumena Nafarroaren esku egoteko lan egingo duela datorren legegintzaldian. Halaber, ekarpena handitzea babestea defendatu du: % 1,75etik % 2,20ra datorren urtean, 2030ean % 3koa izan dadin.
“Bidea diseinatuta dago, baina aurretik asko dago egiteko”, erantsi du.
Horrez gain, ibilgailu elektrikoaren sustatzeko plataforma sortzea, industria eraldatzeko Berrikuntzaren Poloa abiaraztea eta Nafarroa trantsizio energetikoaren eta ekonomia zirkularraren erreferente bilakatzea aldarrikatu du.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaiak gutxiengo pentsioa 1.080 eurokoa izan behar dela eta zenbateko horretara heltzeko Estatuko Aurrekontuak erabili beharko liratekeela esan du, Nafarroak pentsioen eskumena bere egin artean.
“Badira interes politiko eta ekonomikoak herritarrak beldurrarazteko eta pentsioen kutxa agortzear dagoela sinestarazteko; interes pribatuen mesedetan ari dira”, ohartarazi du. “Zerga sistema justuagoa behar dugu pentsioen harira dauden ezberdintasunekin amaitzeko”, gaineratu du.
“Nafarroak pentsioen eskumena lortu bitartean, pentsioak osatu egin behar dira, pentsionista guztiek 1.080 diru-laguntza minimoa izan dezaten”, nabarmendu du.
Mikel Buil Podemos Nafarroako presidentegaiak salatu du Abiadura Handiko Trena “dirua xahutzea” dela, eta azpiegitura horren ordez, “herritar guztiok erabili ahal izango dugu tren moderno eta ekologikoa” eraikitzea babestu du.
Ildo berean, jada eraikita dauden trenbideak erabili behar direla esan du, “merkantziak garraiatzeko eta Europara heltzeko, baina jasangarritasunean oinarrituta eta prezio merkeak ezarrita”, adierazi du.
Maria Chivite PSNko presidentegaiak garapen ekonomiko eta sozialerako azpiegiturak ezartzearen alde egin du.
Halaber, hornikuntza energetikoa Nafarroako zonalde guztietan bermatuko duela esan du, enpresak ezartzea errazteko eta, ondorioz, lanpostuak sortzen laguntzeko.
Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako presidentegaiak osasun zentroetan itxaro-zerrendak murrizteko neurriak hartzea eta ikerkuntza bultzatzea proposatu du. Osasun zerbitzuko lantaldeak egonkortzea beste lehentasunetako bat izango dela erantsi du.
Halaber, heriotza duina bermatzeko urratsak ematen jarraituko dutela esan du, pertsonei heriotzaren prozesuan lagunduz eta sufrimendua saihestuz.