X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Erreakzioak

EAJk 'elkarlana eta babesa' eten du Zapateroren Gobernuarekin

Auzitegi Gorenaren erabakia Europako erakunde instituzional, politiko eta juridikoetara eramatea planteatuko du EAJk, Urkulluren hitzetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Espainiar Gobernuarekin mantendu duen "lankidetza eta babesa" bertan behera uztea erabaki du, gaur Iñigo Urkullu EBBko presidenteak iragarri duenez.

EAJk "biziki larritzat" jo du Auzitegi Gorenak Bilduk maiatzeko hauteskundeetarako aurkeztu dituen zerrendak "legeztatu ez izana".

Sabin Etxean egin duen agerraldian azaldu duenez, "Euskadik oinarrizko printzipio eta eskubide demokratikoekiko begirunea exijitzen du, eta, bizitzeko eskubidearekin batera, beronen urratzea argi eta garbi errefusatua izan delarik, ezinbesteko eskubidea ere badira askatasuna eta parte hartze politikoa".

Irakurri duen oharrean, ilegalizazio "politikoa" guztiz arbuiatzen duela esan du EAJk, eta esparru politiko,instituzional eta juridikoan "erabaki hau baliogabetzea" defendatuko duela gaineratu du.

Auzitegi Gorenaren erabakia Europako erakunde instituzional, politiko eta juridikoetara eramatea planteatuko du EAJk, Urkulluren hitzetan.

Auzitegi Konstituzionalari, bere erabaki juridikoa hartzerako orduan, "euskal gizartearen gehiengoaren iritzia kontutan har dezala" exijitu dio Urkulluk.

"Porrot demokratikoa"

Bestalde, Bilduren inguruan Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak "porrot demokratikoa" dakarrela salatu du gaur Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak. "Erabat demokratikoak" izango diren hauteskundeak exijitu ditu. Gorenaren erabakiak "hauteskunde gorpu bat (Bildu) moztu" egin duela azpimarratu du jeltzaleak.

Beasainen egindako adierazpenetan, Egibarrek adierazi du Gorenaren erabakia "hauteskunde mapa" desitxuratu egingo duen "gertaera" dela. Horren guztiaren gainetik, epaia "porrot demokratikoa" dela azpimarratu du EAJko ordezkariak.

Euskal esparru politikoa kontrolatzeko helburuarekin PPk eta PSOEk diseinatutako estrategiaren baitan kokatu du Egibarrek epaitegiaren erabakia. "Haien interesen menpeko demokrazia eskaintzen dute", salatu du.

Gobernuaren zuhurtzia

EAJko presidenteak egindako iragarpena zuhurtziaz hartu du Espainiako Gobernuak eta erabaki hori hartzera eraman duten arrazoiak azaltzea espero du Exekutiboak.

Jarrera horren zergatia EAJk azaltzea espero du Gobernuak. Hala ere, Bildu maiatzeko hauteskundeetan izateko eskubiderik gabe geratzea epaileen erabakia dela gogorarazi die jeltzaleei, eta ez Gobernuarena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea