X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Maiatzeko hauteskundeak
Hasi da hauteskunde-kanpaina, Bilduren parte-hartzea hizpide
EAJ, PSE-EE, Aralar, EB eta H1! ados agertu dira Konstituzionalaren erabakiarekin. PPk, berriz, gogor salatu du eta UpyDk lehendakariari ematen zion babesa etetea erabaki du.
Erredakzioa
Maiatzaren 22an amaituko den hauteskunde kanpaina hasi da dagoeneko, eta Auzitegi Konstituzionalak Bilduri partehartzeko eskubidea eman izanak markatu ditu ekitaldi guztiak.
Iñigo Urkullu EAJren presidentea gustura agertu da Auzitegi Konstituzionalak "Euskadiko mapa politiko eta instituzionala baldintzatzeko ahalegina zuzendu" duelako.
Patxi Lopez lehendakariak berretsi du PSEk epaitegien erabaki guztiak "betetzen eta errespetatzen" dituela eta "Bilduri kanpaina gehiago ez egitea" eskatu du, "ezer egin gabe leku guztia hartu du eta". Patxi Lopezek batzuen "biktimismoa" kritikatu du, izan ere, "gu gara hauteskundeetan aukera berdintasuna aldarrikatzeko arrazoi gehien dituena".
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak esan du ez zaiola gustatzen eta ez zaiola "egokia" iruditzen Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundeetan parte hartzeko baimena ematea. Hori dela eta, demokrazia "Espainiako zati honetan babes gutxiagorekin eta berriro ETAren mehatxupean" egongo dela salatu du.
Bildu koalizioaren buruzagiek "zentzugabekeriaren eta interes maltzurren aurrean euskal gizarteak garaitu izana" ospatu dute, Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartzen utziko diela jakin ondoren.
Aralar "pozik" agertu da Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundeetan parte hartzeko bidea ireki diolako eta "herrialde honek behar duen normalkuntza politikorako bidean beste urrats bat izatea" espero du.
Mikel Arana Ezker Batuaren koordinadore nagusia "gustura" agertu da Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundeetan parte hartzeko baimena eman diolako eta hori "Euskadiren normalkuntza politikorako aurrerapausoa" delakoan.
Gorka Maneiro UpyDren legebiltzarkideak "zentzugabekeria"tzat jo du erabakia eta "akats larria" izan duela uste du. Hori dela eta, Patxi Lopez lehendakariari ematen zion babesa eten duela iragarri du, koalizio abertzalearen "legalizazioaren aldeko kanpaina" egin duelakoan.
Hamaikabatek (H1!), bere aldetik, txalotu egin du erabakia eta "behingoz" eztabaida "gai garrantzitsuetara" mugatuko dela ospatu du.