X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Inkesta
Azkuna eta Elorza, berriro garaile Bilbon eta Donostian; Gasteizen, PP
Bilduren parte-hartzeak Aralar eta EBren emaitzetan izango du eragina. EB Bilboko udaletik desagertuko da eta Aralarrek ez du ordezkaririk izango EAEko hiriburuetako udaletan.
Erredakzioa
Iñaki Azkunak (EAJ) eta Odon Elorza (PSE-EE) irabaziko dituzte hauteskundeak, beste behin ere, Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren. Gasteizen, baina, Javier Marotok (PP) Patxi Lazcozek (PSE-EE) baino boto gehiago eskuratuko ditu. Hori da El Correo eta Deia egunkariek igande honetan kaleratutako inkesten emaitzek diotena behintzat.
Vocento Taldearen datuak
El Correo egunkariaren arabera, Bilbon, Azkuna gehiengo absolutua lortzear izango da, 13-14 zinegotzi eskuratuta (egun 13 ditu), baina ezinezkoa izango du EBrekin gobernu-akordioa errepikatzea, alderdi hori Bilboko udaletxetik desagertuko baita. PSEk Alderdi Popularrari aurrea hartuko dio eta Bilboko bigarren indarra izango da, zazpi ordezkari lortuta. PPk zinegotzi bat galduko du eta seirekin geratuko omen da.
Bilduk bi edo hiru zinegotzi lortuko dituela dio inkestak. 2007an, Eusko Alkartasunak ez zuen ordezkaritzarik izan eta ezker abertzaleak ezin izan zuen hautagaitzarik aurkeztu Bilbon. Gasteizen, alde oso txikiagatik bada ere, Alderdi Popularrak irabaziko du, nahiz eta EAJk bezala zortzi zinegotzi eskuratuko dituen. Azken legealdiarekin alderatuta, PPk ziengotzi bat galduko du eta EAJk bi gehiago izango ditu. Kolpe gogorrena PSEk jasoko du: indar bozkatuena izatetik hirugarren tokira pasatuko baita, zazpi zinegotzirekin. Bilduk hiru ordezkari lortuko ditu (2007an EAk bakarra izan zuen) eta EB zinegotzi bat izatetik bakarra izatera pasatuko da. Donostian, PSErentzat izango da garaipena berriro ere. Alabaina, Odon Elorzak azken hauteskundeetan baino babes gutxiago izango du, bi zinegotzi galduko baititu eta 11rekin geratuko baita. EAJk bigarren tokia eskuratuko du, Alderdi Popularrari aurrea hartuta, bi alderdiek 5-6 ordezkari lortuko dituzten arren. Bilduk bost zinegotzi izango ditu Donostiako udaletxean eta EBk egun dituen bi ordezkarietatik bat galduko du. Gauzak horrela, Aralarrek ez du ordezkaritzarik izango ez Bilbon, ez Donostian, ezta Gasteizen ere. Noticias Taldearen datuak Deia egunkariaren arabera, Bilbon, EAJk 14 zinegotzi lortuko ditu eta PSEk eta PPk berdindu egingo dute 5-6 ordezkarirekin. Bilduk, berriz, 3-4 zinegotzi eskuratuko dituela dio, eta EBk ordezkaritza galduko duela azpimarratzen du.
Gasteizen, Alderdi Popularrak argiago irabaziko du, 9 zinegotzi lortuta. EAJ eta PSE parean egongo dira, 7-8 zinegotziarekin. Bilduk, ostera, bi edo hiru ordezkari izango ditu eta EBk bere bi zinegotziak galduko omen ditu. Donostian, PSEk 9 ordezkari izango ditu; EAJk, 6-7; PPk, 5-6; eta Bilduk, 4-5. Deia-ren datuak aintzat hartuta, EBk bere bi zinegotziak galduko ditu eta Aralarrek ordezkari bat lor dezake.