Udal eta foru hauteskundeak -

KANPAINAURREA

Ortuzar EH Bilduri buruz: "Erabakitzeko eskubidea alde batera utzi dute Madrilen agintzeagatik"

Etxebizitza Legearen bozketan gertatuari erreferentzia eginez, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du EH Bildurentzat garrantzitsuena ez dela autogobernua, ideologia baizik, "ezkerrekoa izatea, baina madrildarra, Cibelesa baino madrildarragoa".

Ortuzar gaur, Barakaldon. Argazkia: EFE
Ortuzar gaur, Barakaldon. Argazkia: EFE
Ortuzar gaur, Barakaldon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldon izan da gaur Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Bizkaiko Batzar Nagusietarako 51 hautagai jeltzaleak aurkezteko ekitaldian eta bertan, gogor jo du EH Bilduren kontra: "Erabakitzeko eskubidea alde batera utzi dute Madrilen agintzeagatik" salatu du.

Ortuzarrek ohartarazi du "autogobernua ere jokoan" dagoela maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan, eurekin "jai dutela euskal autogobernua murriztu nahi dutenek" esan du eta hauteskunde egunak "Aberri Eguna izan behar duela" ere gaineratu du. Izan ere, bere iritziz, EH Bilduk ez du autogobernua defendatzen, "eurentzat garrantzitsuena ez baita autogobernua, ideologia baizik, ezkerrekoa, baina madrildarra, Cibelesa baino madrildarragoa".

EAJko presidenteak gogor kritikatu du Bilduk Diputatuen Kongresuan onartutako Etxebizitzaren Legeari babesa ematea, eta alderdi abertzaleak "erabakitzeko eskubidea Madrildik agintzeko eskubideagatik aldatu" duela salatu du.

"Podemosen sukurtsal" bihurtzea eta Pedro Sanchezen legegintzaldiko makulu izatea leporatu dio koalizio subiranistari.

Lege horretan eskumen urraketarik ez dagoela defendatu du EH Bilduk eta EAJk eskuineko politikak defendatzen dituela. Honela erantzun die Ortuzarrek: "Eskumenen inbasiorik ez dagoela diote eta gu kontra gaudela jabe handiak defendatzen ditugulako, eskuina garelako. Ez da egia. Zenbatek dituzue hemen bost etxe baino gehiago? Zenbat edo zenbat ari gara hipoteka edo alokairua ordaintzen?", galdetu du.

"Autogobernuaren aurkako eraso zuzena da", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak