Udal eta foru hauteskundeak -

M28

EAJ nagusi izango litzateke EAEko hiru lurralde eta hiriburuetan, baina gertuago izango luke EH Bildu

Soziometroaren arabera, EH Bilduk zinegotzi bana irabaziko luke Bilbon, Donostian eta Gasteizen, EPren kaltean. Izan ere, koalizio moreak nabarmen egingo luke behera Batzar Nagusietan zein udaletan. PSE-EEk ere atzera egingo luke, baina ordezkaritza galdu gabe. PPk 2019ko emaitzei eutsiko lieke.

Maiatzaren 2tik 5era egin zuen boto-asmoari buruzko inkesta Jaurlaritzak. Argazkia: EFE
Jendea Bilbon.
Maiatzaren 2tik 5era egin zuen boto-asmoari buruzko inkesta Jaurlaritzak. Argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak gaur balira, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabaziko luke EAEko hiru lurralde eta hiriburuetan, baina EH Bilduk tartea gutxituko luke, denetan gora egingo bailuke, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera betiere.

Gainerako indarrei dagokienez, inkestak honakoak aurreikusi ditu: Elkarrekin Podemosek (EP) nabarmen egingo luke behera —bi puntu eta erdi, batez beste, foru hauteskundeetan, eta zinegotzi bana, udalekotan—; PSE-EE, gutxiago bada ere, jaitsi egingo litzateke, baina ordezkaritza galdu gabe, eta Alderdi Popularrak (PP) gaur egun duen ordezkaritzari eutsiko lioke. 

Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak hilabete hasieran egin zuen galdeketa, 3.030 pertsonari telefono bidez elkarrizketa eginda (1.318 Bizkaian, 984 Gipuzkoan eta 728 Araban). Batzar Nagusietan aurreikusitako emaitzetarako boto estimazioaren portzentajea bakarrik jaso du inkestak, baina udal hauteskundeen kasuan, zinegotzi estimazioa ere erantsi du. Abstentzioa, batez beste, % 38koa izango litzateke hiru lurraldeetan, eta hortik gorakoa (% 40) hiru hiriburuetan. 

EAEko foru hauteskundeetan, Gipuzkoan espero da lehiarik estuena. Jeltzaleek irabaziko lituzkete bozak, botoen % 35,9 jasota eta ia puntu erdi igota. Dena dela, hiru puntu eskasera kokatuko litzateke EH Bildu, botoen % 33,1 (2019an baino 1,5 puntu gehiago) eskuratuta. Alde dezentera geratuko litzateke PSE-EE, puntu erdi baino gehiago galduta (% 16,4). Ia bi puntu jaitsiko litzateke Elkarrekin Podemos, botoen % 7 jasota. PPk ez luke ordezkaritzarik lortuko (% 4,9), apur bat gora egingo lukeen arren. 

Bizkaian, EAJk bere nagusitasuna erakutsiko luke berriro, botoen % 44,2rekin eta ia bi puntu irabazita. EH Bilduri aurreikusten zaizkion botoen bikoitza da (% 22), koalizio subiranistaren gorakada garrantzitsua izango bada ere (bi puntu pasatxokoa). Ifrentzuan, Elkarrekin Podemosek hiru puntu eta erdi galduko lituzke, botoen % 7 erdietsita. PSE-EEk ere atzera egingo luke —puntu bat, % 15,4raino jaitsita— duela lau urteko hitzorduarekin alderatuta. PPk botoen % 6,8 eskuratuko lituzke. 

EH Bildurekiko tarte txikiagoarekin (8,8 puntu) bada ere, Araban ere EAJ nagustiko litzateke, botoen % 31 jasota (% 2 gehiago). Koalizio abertzaleak botoen % 22,2 jasoko lituzke, puntu bat gora eginda. Sozialistak lirateke hirugarren indar, % 18,2 jasota (% 0,6 gehiago), eta popularrak, laugarren, % 15,4 jasota (0,4 gehiago). Voxek 2019an jasotako boto portzentajearen halako bi eskuratuko luke (% 3), baina ez luke ordezkaritzarik lortuko Arabako Batzar Nagusietan. 

EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa Gasteizen

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE Arabako hiriburuan lehen postua eskuratzeko lehia bizian ibiliko direla aurreikusi dute hainbat inkestak. Soziometroaren arabera, baina, jeltzaleak eta ezkerreko abertzaleak izango dira norgehiagoka horren protagonistak, 7na zinegotzi lortuko lituzketelako Gasteizko Udalean. EH Bilduk ordezkari bat gehiago edukiko luke, Elkarrekin Podemosen kaltean (3tik 2ra jaitsiko litzateke). Hala, puntu eskaseko aldea egongo litzateke Beatriz Artolazabal hautagai jeltzalearen eta Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiaren artean. Bestalde, PSE-EEk egun dituen 6ei eutsiko lieke, baina Maider Etxebarriak gertu lituzke EAJ (2 puntu) zein koalizio abertzalea (puntu soilera). PP berdin mantenduko litzateke, 5 zinegotzirekin. 

Donostian, EAJ izango litzateke indarrik bozkatuena, 2019ko 10 ordezkariei eutsita. EH Bilduk bat irabaziko luke: 7 zinegotzi. PSE-EEk eta PPk, hurrenez hurren, gaur egun dituzten 5 eta 3 aulkiei eutsiko liekete. EPk, ordea, bakarra eskuratuko luke (2 lortu zituen aurreko hauteskundeetan). 

Jeltzaleak gehiengo absolutuaren atarian geratuko lirateke, beste behin, Bilbon, 14 zinegotzirekin. Bigarren posturako, berdinketa aurreikusi du Soziometroak: EH Bilduk (+1) eta PSE-EEk 5na zinegotzi eskuratuko lituzkete. PPk egun dituen 3 zinegotziak bermatuta lituzke, baina Elkarrekin Podemosek bat galduko luke, 2 ordezkari jasota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala albisteak Donostiako Udala Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak berriak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak PP Gipuzkoa Albisteak Gaur Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak gaur Euskadiko Udal Aurrekontuak Udal eta foru hauteskundeak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Hauteskunde inkestak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak