Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Nekazarien protestak, maiatzeko langabezia datua eta Hauteskunde eztabaida ETB2n
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 4an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Nekazarien protestak: Euskal Herriko ehunka laborari eta abeltzainek 10:00ak arte izango dute blokeatuta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga, Biriatun. Batez ere, merkantzien eta kamioien zirkulazioa eten dute, nahiz eta pixkanaka Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira kamioiak igarotzen hasi diren. Gainera, deitzaileek ohartarazi dute udazkenerako akordiorik edo jarrera aldaketarik ez bada, urritik aurrera protesta gogorragoak egingo dituztela
- Maiatzeko langabezia datua: Espainiako Lan Ministerioak eta Gizarte Segurantzako Ministerioak langabeziari eta afiliazioari dagozkion maiatzeko datuak jakinaraziko ditu. Apirilean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.918 langabe gutxiago zenbatu zituzten eta 602 gutxiago, Nafarroan. Lanbide EAEko enplegu zerbitzu publikoan 109.553 pertsona zeuden langabe gisa erregistratuta apirilean, eta Nafarroan guztira 30.241 ziren lanik gabe zeudenak.
- Hauteskunde eztabaida ETB2n: Gaur gauean, Europako Parlamenturako hauteskundeen bigarren debatea eskainiko du EITBk, 22:00etatik aurrera, zuzenean, ETB2n, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en. Gainera, ETB4n zeinu-hizkuntzan jarraitu ahalko da. Xabier Ormazabalek gidatuta, alderdi eta koalizioen ordezkari hauek hartuko dute parte: Oihane Agirregoitia (EAJ-PNV), Pernando Barrena (EH Bildu), Idoia Mendia (PSOE), Andeka Larrea (Sumar), Javier Zarzalejos (PP) eta Isa Serra (Podemos).