Gizartea -
Polemika
Haragia neurriz jaten jarraitzeko gomendioa eman du OMEk
Txarkuteriaren kontsumoa murrizteak kolon eta ondesteko minbizia izateko aukera murrizten duela azaldu du Munduko Osasun Erakundeak.
Agentziak | Erredakzioa
Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) egindako azken txostena argitzeko agiri bat igorri du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Haragi gorriaren eta txarkuteriaren kontsumoa minbizi arriskuarekin lotu zituen MOEk.
Hala, “galdera, kezka eta azalpen eskaera-sorta” jaso ondoren, IARCen azterketak MOEk 2002an emandako gomendioen ildo beretik doazela gogorarazi du erakundeak. Dieta, elikadura eta gaixotasun kronikoen prebentzioa txostenean, minbizi arriskua murrizteko, haragia neurriz jateko gomendioa eman zuen.
“IARCek azken azterketan ez dio jendeari txarkuteria jateari uztea eskatu, baina txarkuteriaren kontsumoa murrizteak kolon eta ondesteko minbizia izateko aukera murrizten duela zehaztu du”, erantsi du.
Era berean, IARCen sinesgarritasuna defendatu du Munduko Osasun Erakundeak, eta agentziak 50 urte bete dituela gogorarazi du. Munduko Osasun Biltzarraren ebazpen batek sortu zuen, kantzerigenoak kontrolatzeko erakunde independente bat sortzeko helburuarekin.
Dietaren eta eritasunaren arteko loturak aldian-aldian aztertzen dituen aditu talde iraunkor bat du MOEk. 2016ko hasieran, azken aurrerapen zientifikoen inplikazioak aztertzeko bilduko dira. Dieta osasungarri batean txarkuteriaren eta haragi gorriaren lekua zein den zehaztuko dute.