Gizartea -
Indarkeria matxista
Asparrenan hilotz topatutako emakumearen ustezko hiltzailea kartzelara bidali dute
41 urteko gizonak Alemaniako justiziaren esku geratzea onartu du, eta laster estraditatuko dute.
Agentzia| Erredakzioa
Asparrenan (Araba) hilotz topatutako Sophia Loscher 28 urteko emakume alemaniarraren ustezko hiltzailea, Jaenen atxilotutako 41 urteko gizona, kartzelara bidali du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta aurki, Alemaniara estraditatuko dute, han epai dezaten.
Ertzaintzak ostegun arratsaldean aurkitu zuen gorpua, Guardia Zibilak hilketaren susmagarri nagusia atxilotu eta biharamunean. Gaztea Leipzigetik gertu (Alemania) desagertu zen, ekainaren 15ean. Ostiral honetan jakin denez, hiltzailea neskaren gorpua erretzen saiatu zen.
Alemaniako Justiziak 41 urteko gizona atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen, eta hala, Auzitegi Nazionalak hartu zuen auzia.
Hilketaren susmagarria kartzelara bidali zuen atzo Lamela epaileak, estradizioa izapidetzen den bitartean.
Biktima, Alemaniako SPD alderdiaren gazteen presidente izandakoa
Sophia Losche Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) gazteen presidente ohi eta Bamberg hiriko alderdi horretako presidenteordea zen, PSE-EEk ohar batean jakinarazi duenez.
Euskal sozialistek hilketagatik "samina eta haserrea" azaldu dute, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Andrea Nahles SPDko buruari deitu dio doluminak helarazteko.
Ezker Anitzak ere "hilketa matxista gaitzetsi" du eta erakunde guztiei, europarrak barne, emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak bukatzeko neurriak hartzeko deia egin die.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.