Gizartea -
'Larrialdi feminista'
Ehunka lagun irten dira kalera Bilbon eta Iruñean indarkeria matxistaren aurka
Protestak 'Larrialdi feminista' ekimenaren barnean egin dituzte; Estatu osoan izan da deituta ekimen hori.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagun, tartean emakume asko, Bilboko eta Iruñeko kaleetara irten dira ostiral arratsalde honetan indarkeria matxistaren eta udan espainiar Estatuan izandako hilketa matxisten aurka protestatzeko. Manifestazioak "Larrialdi feminista" ekimenaren barnean egin dituzte; Betaurreko Moreak elkarteak deitu du ekimen hori, Estatu mailan.
Bizkaiko hiriburuan, manifestatzaileek (gehienak emakumeak ziren) Udaletxetik Arriaga plazarako ibilbidea egin dute, euripean eta ekaitza jotzen ari zen bitartean. Batzuk beltzez zeuden jantzita, eta hainbatek xehetasun lilaren bat zeramaten.
Indarkeria matxistaren harira, eta komunikabideei egindako adierazpenetan, elkarte antolatzailearen bozeramaile batek esan du udara honetan gertaturikoa "beldurgarria" izan dela, eta aseguratu du egoera "jasanezina" dela. Hortaz exijitu die erakundeei "behingoz neurriak hartzeko, arazoaz arduratzeko; egunero izaten ditugu bortxaketen, sexu-erasoen eta hilketen albisteak, eta horrek amaitu behar du".
"Hiltzen gaituzte, bat gutxiago ere ez"
Iruñean, elkarretaratzea Udaletxe plazan egin dute. Parte-hartzaileek, pankartetan, ondorengo goiburuak zeramatzaten: "Hiltzen gaituzte, bat gutxiago ere ez" eta "Aski da emakumearen aurkako indarkeriarekin, guztion arazoa da"; eta protestan, "Gora borroka feminista", "Ez dira heriotzak, hilketak dira" eta "Epaileak ere gaizkideak dira" bezalako oihuak entzun ahal izan dira.
Ohar batean, hildako emakumeak ekarri dituzte gogora; lege aitzindariak dauden arren hil egin dituzte emakume horiek, eta horrek esan nahi du "zerbait huts egiten ari dela". Salatu ere salatu dute Gobernuak eta Botere Judizialak ez dituztela bermatzen emakumeen eskubideak, eta exijitu dute indarkeriaren aurkako ituna eta Legea bete behar direla.
Elkarretaratzeak alderdien, sindikatuen eta beste talde batzuen babesa izan du; Nafarroako Parlamentuak ere bat egin du, eta astelehenean erakunde-adierazpena onartu zuen babesa emateko.