Gizartea -
Indarkeria matxista
Bilboko talde bortxaketaren auzia behin behinean artxibatu du instrukzio-epaileak
Bilboko 4. Instrukzio-epaitegiko epailearen hitzetan, “frogak eta salatzailearen testigantza kontraesanean daude”. Bortxaketa 2019ko abuztuaren 2an gertatu zen, Etxebarria parkean.
Agentzia | Erredakzioa
Bilboko 4. Instrukzio-epaitegiak duela urtebete Etxebarria parkean gertatutako talde bortxaketaren auzia behin behinean artxibatzea erabaki du, “frogak eta salatzailearen testigantza kontraesanetan daudelako”, iturri judizialek baieztatu dutenez.
2019ko abuztuaren 2an goizaldean sei gizonek bortxatu zutela salatu zuen neska batek. Auziak hiria astindu zuen.
Salaketa aurkeztu ondoren, sei gazte atxilotu zituzten, eta horietako bi espetxera bidali zituen epaileak. Hala ere, horietako bat kautelazko neurriekin libre utzi zuen ondoren.
Biktimak Ertzaintzaren aurrean argi eta garbi identifikatu zuen gaztea soilik geratu zen espetxean. Lepoan hontz baten tatuajea du.
Behin behinean, artxibatuta
Ia urtebete geroago, Bilboko 4. Instrukzio-epaitegiak auzia behin behinean artxibatzea erabaki du, biktimaren testigantza eta ikerketako frogak eta zantzuak (genetikoak eta teknologikoak) ez datozela bat iritzita.
Horrela, delitua izan denik egiaztatzeko “osagai nahikorik” ez du ikusten argibideetako epaileak. Era berean, biktimak Ertzaintzaren aurrean zein epaitegian emandako testigantzan “bistako kontraesanak” ikusten ditu epaileak, probetako emaitzekin bat ez datorrelako.
Hala ere, auzia artxibatzeko ebazpen judiziala ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkezteko aukera dute.