Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 519 positibo zenbatu ditu eta Nafarroak hiru hildako eta 274 kasu berri

Zehazki, azken orduetan baieztatutako kasu berrietako 232 Bizkaian atzeman dituzte, 190 Gipuzkoan eta 85 Araban. Horrez gain, gaitza atzemateko 9.166 PCR proba egin zituzten atzo.

Pertsona batzuk kalean, maskarilarekin. Argazkia: EFE
Pertsona batzuk kalean, maskarilarekin.
Pertsona batzuk kalean, maskarilarekin. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 519 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Zehazki, Euskadin baieztatutako kasu berrietako 232 Bizkaian atzeman dituzte, 190 Gipuzkoan eta 85 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 12 pertsonak eman dute positibo azken orduetan egindako PCR probetan.

Gaitza atzemateko 9.166 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Horrela, ostegunean egindako PCR probetan, % 5,6k eman dute positibo.

Araban, kutsatu gehienak (73) Gasteizen atzeman dituzte. Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza: Bilbon, adibidez, 77 kasu baieztatu dituzte, Barakaldon 16, Durangon 14 eta Basaurin 13. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 40 kutsatu zenbatu dituzte, Irunen 18 eta Azkoitian zein Errenterian 14.

Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, bai eta pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako sailkapena ere.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 53 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, COVID-19a duten 291 pertsona daude gela arruntetan; horietako 36 azken orduetan ospitaleratu dituzte.

0,89 da gaurko R0 indizea (atzo 0,87 zen).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 266 emakumeak dira eta 253 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 50 eta 59 urte bitartean (92 kasu).

COVID-19a duten 51 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 79k, berriz, 20 eta 29 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 59 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 70 pertsonek 30 eta 39 urte bitartean dituzte, 84k 40 eta 49 urte bitartean, 43k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 41ek 70 urtetik gora.

Hiru hildako azken orduetan Nafarroan

Hiru pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz Foru Erkidegoan azken orduetan, 274 positibo atzeman dituzte, egindako 2.800 PCR proben % 9.

Hildakoek 79, 82 eta 96 urte zituzten, Santos Indurain Osasun sailburuak emandako datuen arabera, Nafarroako Ospitale Gunean biktimen omenez egin den ekitaldian.

Kasu berrien artean, % 34 sintomatikoak ziren eta gainerakoak asintomatikoak. Gainera, ostegunean 20 lagun ospitaleratu zituzten, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.

Indurainen hitzetan, egoera "konplexua eta delikatua" da, eta, beraz, "hori gizarte osoaren zeregina da, banakako eta taldeko erantzuna, eta konplizitate bat izan behar dugu bihurgunea lautzeko, ospitaleratzeen kopuruak eta zainketa intentsiboetako unitateetako ospitaleratzeek gora egin ez dezaten".

Bost hildako Arabako eta Gipuzkoako egoitzetan

Bestalde, azken orduetan adineko hiru pertsona hil dira Zorroaga (Donostia), Jesusen Bihotza (Errenteria) eta Santa Maria Magdalena (Hernani) egoitzetan. Gainera, Alai-etxe (Donostia) eta Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzetan bi positibo berri baieztatu dituzte azken orduetan.

Era berean, Arabako adinekoen egoitzetan beste bi hildako izan dira azken orduetan. Horrela, guztira zazpi adineko hil dira dagoeneko pandemiaren bigarren olatuan, lurralde historiko horretan.

Hildakoetako bat Gasteizko Albertia egoitzan izan da, nahiz eta ospitalean hil. Bigarren adinekoa Arabako hiriburuaren Ariznabarra zentroan hil da.

Espainiako Osasun Ministerioak ostiral honetan 14.389 kasu berriren berri eman du, 4.697 azken 24 orduetan, ondorioz, 640.040 izan dira guztira orain arte, eta 90 heriotza izan dira azken orduetan, eta kopurua 30.495era iritsi da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua