Gizartea -

KORONABIRUSA

46ra jaitsi dira koronabirusak eragindako hildakoak Euskadin, asteak gora egin ostean

EAEn 432 kasu positibo gehiago atzeman dituzte eta positiboen tasa % 5etik behera mantendu da. Nafarroan, berriz, positiboek behera egin dute azken orduetan, 266raino, eta bi hildako zenbatu dituzte.

Argazkia: EFE.
Basurtu ospitaleko sarrera
Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astean 46 pertsona hil ziren Euskadin heriotzaren arrazoi zuzena koronabirusa izanik, aurreko zazpi egunetan baino 16 gutxiago; azken orduetan, berriz, 432 positibo atzeman dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazkenero ematen du jakitera astebetean zenbat pertsona hil diren COVID-19aren ondorioz.

Orain arte, pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik, hildakoen kopuruak gora egin du. Abuztuaren 10etik 16ra bitartean hiru gaixo hil ziren, eta hurrengo asteetan 19, 27, 30, 46 eta 62, hurrenez hurren. Joera hori, alabaina, hautsi egin zen joan den astean: irailaren 21etik 27ra bitartean, 46ra jaitsi dira hildakoak.

Pandemiaren eguneroko bilakaerari dagokionez, asteartean 9.741 PCR proba egin zituzten (aurreko egunean baino 2.368 gehiago), eta horietatik 432 (147 gehiago) positiboak izan dira, hau da, % 4,4. Portzentajea handitu egin da, atzo % 3,8koa izan baitzen, bigarren bolada honetako bigarren baxuena.

Hala ere, % 5etik behera mantentzen da positiboen portzentajea. % 5etik aurrera talde transmisioaz hitz egiten da.

Ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 33 pertsona (aurreko buletinean jakinarazitakoak baino bost gehiago) ospitaleratu dituzte COVID-19aren ondorioz, eta EAEko ospitaleetan koronabirusa duten 312 pertsona (zortzi gutxiago) daude; horietatik, 56 (bat gehiago) zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 0,96koa da Euskadi osoan, eta aurreko jardunaldian 0,94koa.

Araban 83 kasu zenbatu dituzte, Bizkaian 198, Gipuzkoan 138 eta EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan.

Kasu positibo berrien artean, 0 eta 9 urte bitarteko 33 pertsona daude, eta 10 eta 19 urte arteko 33. Kutsatze berrien kopururik altuena 40 eta 49 urte bitartean izan da, 73 kasu.

Araban, positibo gehienak Gasteizen zenbatu ziren, 63 guztira. Nabarmentzekoa da, halaber, Zuian (2.300 biztanle) izandako gorakada, 12 kasu izan baitira bat-batean.

Bizkaian, Bilbo izan zen berriro kasu berri gehien (47) izan zituen udalerria. Horrez gainera, Barakaldoko 25 positiboak, Getxoko 18ak, Durangoko 14ak eta Santurtziko 10ak ere aipagarriak dira.

Gipuzkoan, Donostiak 40, Errenteriak 11 eta Irunek zazpi. Hondarribian hiru positibo berri atzeman dituzte, eta atzo baheketa masiboa hasi zuten irailaren 19tik 28ra Manolo jatetxean egon zirenentzat, kutsatze gune bat izan zitekeelakoan.

Nafarroan 266 positibo

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19aren birusak eragindako 265 infekzio kasu berri atzeman zituen atzo Foru Erkidegoko Osasun Sailak, osasun sistema publikoan 3.019 PCR proba egin ostean. Positiboen tasa, beraz, % 8,8koa da. Horrez gain, bi heriotza erregistratu ziren egun batean, 80 urteko gizon batena eta 87 urteko emakume batena.

Nafarroako osasun sare integratuak, alten eta bajen balantzea egin ondoren, 214 paziente ditu ospitaleetan eta modalitateetan, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 23 pertsona daude.

Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta eskualdean izan zen positiboen % 46, eta ondoren Tuterako eremuan (% 34) eta Lizarran (% 8). Gainerako positiboak (% 12) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 45 eta 59 urte bitartekoen taldea izan zen nagusi (% 25); ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea (% 24); jarraian, 14 urtetik beherakoen taldea (% 20) eta 15 eta 29 urte bitartekoen taldea (% 14). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 11) eta 75 urtetik gorakoen taldea (% 6) daude. Kasu berrien batez besteko adina 39,6 urtekoa da.

Generoari dagokionez, % 47 gizonak dira eta % 53 emakumeak.

Nafarroa da biztanleria kopuruari dagokionez PCR gehien egiten duen erkidegoa, 100.000 biztanleko 3.673 PCR egiten baititu, Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 18.083 pertsonakoa da, eta, guztira, 574 heriotza izan dira. Hilgarritasun tasa, beraz, % 0,4koa da.

Javier Remirez Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteordeak prentsaurreko batean azaldu duenez, positiboek behera egiten duten bigarren eguna da. Beheranzko joera hori "zuhurtziaz" hartzen du Gobernuak.Remirezek zehaztu duenez, positibo gehienak gizarte eta familia topaketen ondorioz ematen ari dira, eta batez ere herriko hainbat herritan jaiak ospatu behar ziren egunetan."Lan zuzena eta egokia egiten ari gara, eta proaktibitatea dugu agerraldiak eta positiboak detektatzeko; hori da jarraitu beharreko ildoa", azpimarratu du, Azkoien, Funes eta Faltzesen aplikatutako neurri murriztaileei buruz ziharduenean.

Remirezen hitzetan, litekeena da ostiral honetan neurri murriztaileak berriro luzatzea, osasun egoera dela eta.

Neurri horien arabera, besteak beste, bilera pribatuetan sei pertsona gutxiago egongo dira, ostalaritzan barrako kontsumoa 12:00ak arte mugatuko da eta 22:00etatik aurrera alkohola saltzea debekatuko da, ostalaritza establezimenduetan izan ezik.

Remirezek azaldu duenez, "egoerak agian orain ikusaraziko digu hartutako neurriak zuhurrak, egokiak eta positiboak direla eta horiekin jarraitu behar dugula".

Hala ere, ostiral honetan erabakiko dutela esan du. Gainera, asteazken honetan egingo duten Lurralde arteko Kontseilura bidali dute, pandemiaren inguruan Espainia osoan aplikatu beharreko neurriak aztertzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea gaur